Síguenos en redes sociales:

Herri kirolaririk osoenaren bila

Herri kirolaririk osoenaren bila

- Euskal Pentatloi Txapelketako banakako finalerako sei txartelen bila lehiatuko dira gaur hamabost kirolari. Azpeitiko zezen-plazan da hitzordua, 18.00etan. Parte-hartzaileen artean modalitate honetako espezialista onenetako batzuk daude; baita uztailaren 31ko binakako txapelketan espezialitate honetan estreinatu ziren batzuk, eta estreinako aldiz jardungo duenik ere. Sei finalistak titulua eskuratzeko lehiatuko dira hilaren 26an, Azpeitian bertan, 22.00etatik aurrera. Orduan erabakiko da zein den herri kirolaririk osoena, konpletoena.

Sailkapena lortzeko faboritoen artean daude Xabier Zaldua zumarragarra (2019ko eta 2018ko txapelduna), Arria V errezildarra (2019an hirugarren eta binakako txapelduna), Kepa Peñagarikano azpeitiarra eta Aizperro oriotarra (binakako txapelketan bigarren izandakoa), eta Andoni Iruretagoiena zarauztarra - Izeta VI -, binakako txapeldun eta banakako txapelketan debuta egingo duena.

Ezin inolaz ere baztertu, Aratz Mugerza aizkolari mutrikuarra, azken bi finaletan parte hartu duena, eta 2018ko lehen edizioko titulua lortzeko lehian jardun zuen Jon Gisasola harri-jasotzaile bizkaitarra ere.

Euren lehen finalaren bila borrokatuko direnak berriz, Ousmane Drame eta Beñat Amade bizkaitarrak, Julen Kañamares nafarra, Iñaki Errazkin tolosarra eta Jagoba Otaegi Aizarnako harri-jasotzailea izango dira.

Azkenik, hiru kirolari estreinatuko dira pentatloi lanean: Daniel España aizkolari segoviarra, Unai Ardeo bizkaitarra eta Julen Gabirondo segalari urnietarra, hiru aldiz Euskal Herriko txapelduna.

Eta huts egingo dutenen artean azpimarratzekoak dira, min hartuta dagoen Luis Txapartegi, eta iaz txapeldunorde izan zen eta Getarian arraunlari gisa lehen denboraldia egin berri duen Joseba Otaegi.

Lehen txanda. Xabier Zaldua, Andoni Iruretagoiena -Izeta VI- eta Ousmane Drame.

Bigarren txanda. Kepa Peñagarikano, Joxean Olaskoaga -Aizperro-, eta Jon Gisasola -Zelai V-.

Hirugarren txanda. Beñat Amade, Iñaki Errazkin, eta Aratz Mugerza.

Laugarren txanda. Xabier Orbegozo -Arria V-, Daniel España, eta Julen Kañamares.

Bosgarren txanda. Julen Gabirondo, Jagoba Otaegi eta Unai Ardeo.

Harri jasotzea 100 kiloko bolari hamar altxaldi.

Giza proba. 400 kiloko harriarekin plaza bat.

Aizkora. 54 eta 45 ontzako bi enbor (1,252 eta 1,043 metrokoak).

Txingak. 50 kiloko bi txingekin, hiru plaza.

Lasterketa oinez. Kilometro bat zezen plazaren inguruan.