Asier de la Iglesia etxean da dagoeneko
SASKIBALOIA Esklerosi anizkoitza duen Zumarragako jokalariari atzo eman zioten alta, hainbat egun ospitalean pasa ondoren
- Asier de la Iglesia etxean dago jada, atzo alta jaso eta gero. Esklerosi anizkoitza duen saskibaloi jokalaria Zumarragako ospitalera eraman zuten orain astebete, apirilaren 7an hain zuzen ere. Aurreko egunetan sukarra, eztula eta buruko mina zituenez, koronabirusaren proba egin eta negatibo faltsua eman zuen lehenengo testean.
"Hau poza etxeko zapatilak janztea! Okerrena pasa dugu. Orain 14 egun nire gelan isolatuta pasa behar. Adoretsu ekingo diogu! Animo, oraindik ospitaletan zaudetenoi! Eskerrik asko jasotako babesagatik", idatzi zuen Euskal Ligako Ordiziako jokalariak, bere Twitterreko kontuan.
37 urteko Asier de la Iglesia aurreko asteartean ospitaleratu zuten, COVID-19ren testak negatibo faltsua eman ostean.
Koronabirusaren kontsultetarako gaitutako telefonora deitu, eta pairatzen dituen gaixotasunak kontuan izanik -esklerosi anizkoitzaz gain asma ere badu- arriskuan dagoen populazioan kokatuta dagoenez, Zumarragako kirolariak hurrengo egunean bertan koronabirusaren proba egitea lortu zuen.
Lehen emaitza negatiboa izan bazen ere, sintomak argiak ziruditela ikusita, beste hainbat proba mediko egin zizkioten; negatibo faltsua zela baieztatu ondoren, ospitaleratu egin zuten.
Hainbat egun gogor pasa ditu, eta sare sozialetan bere egoeraren berri eman du egunero; igandean, berriz, hauxe idatzi zuen jokalariak: "Analisiek adierazten dutenez, koronabirusa pasa eta nire organismoa egonkortu omen da. Gibeleko markatzaileak bere onera etortzea baino ez da geratzen. Agian gaurkoa izango da nire azken gaua ospitalean". Berak aurreratutako nahia egia bilakatu zen atzo.