Gero eta lehenago izaten dute haien lehen mugikorra gaur egungo gazteek. Tolosako Laskorain Ikastolan LHko 5. mailako ikasleen %5ak telefono mugikorra du eta LHko 6. mailan portzentaiak %40ra egiten du gora. Gainera datorkien olatuaren aurrean, guraso talde bat bildu da teknologiak ezinbestean sortu eta sortuko dizkieten erronka eta kezkei modu bateratuan erantzuteko, "ahal dela, drama eta haserrerik gabe". Altxa burua! taldeak, batez ere, babesa eskaini nahi die egoera berean aurkitzen diren familiei. "Bidelagun izan nahi dugu, taldean, elkarrekin, gauzak beste modu batera ikusten baitira", diote taldekideek.

Adin beretsukoak dituzte seme-alabak Orkatz Goenagak, Lierni Armendarizek, Eli Trojaolak, Ixiar Aranak eta Ainara Muñozek, hau da, LH 5. eta 6. mailakoak. Tsunami baten moduan sartu da haien etxeetara telefono mugikorraren gaia. "DBHra iritsi eta badirudi dana batera datorrela; mugikorra eta ordenagailua. Egun batetik bestera ikusten duzu alabaren gelako zenbaitek dagoeneko badutela mugikorra eta gaiak ezustekoan harrapatzen zaitu, pentsatzeko denborarik gabe, eta presioa handia izaten da zenbait etxetan. Ingurura begiratu, ordea, eta konturatu ginen ez geudela bakarrik eta bazirela beste guraso batzuk ere gai honekin arduratuta zeudenak", azaldu du Eli Trojaolak taldekideak. Lierni Armendarizen etxean alaba helduenari DBH 1en eman zioten telefono mugikorra "asko pentsatu gabe", onartu du, eta orduan "taldearen babesik izan ez zuelako".

Egoerari aurre hartzeko Altxa burua! taldea sortu dute, Laskorain Ikastolako Artezkaritzaren oniritzi eta babesarekin, eta gaia sozializatzeko lanetan dabil orain guraso taldea. Modu sosegatuan lantze aldera, kafe tertulia antolatu zuten duela zenbait aste eta Zarautzen pantailen inguruan hausnarketa sustatzeko antzerako taldeko kide den Miren Ros aditua izan zuten gonbidatu. Bertan, informazioa jaso eta talde eragile bat sortzeko beharra ikusi zuten "formazio bidez hutsuneak osatzen joateko eta, batez ere, familiek erreferente bat izan dezaten".

Sortu berria den arren, hainbat pauso eman dituzte dagoeneko. Taldeak proposatuta, datorren udazkena bitarte mugikorra ez erostearen konpromisoa hartu dute LH 6. mailako hainbat familiek. Horretarako, erabaki hori hartu duten etxeetara izenik gabeko galdetegi bat helarazi dute, bete eta balorazioa egiteko. "Gaia lantzeko eta talde lana egiteko denbora irabazi behar dugu eta, hain zuzen ere, horretarako zabaldu dugu konpromiso hau: oraingoz eskatu diegu familiei mugikorra ez erosteko. Bestalde, ikusten dugu borroka bakoitzak bere etxean eta bakarrik egin ordez, arau komun batzuk baditugu eta babestuta sentitzen bagara, askoz errazagoa izango dela etxean arauak betearaztea", azaldu du Orkatz Goenagak.

Mugikorraren eta, orohar, pantailen gaiak, gainera, parez pare egiten du familia hauetan beste errealitate batekin: nerabezarora saltoa. Lierni Armendarizek uste du "berez" dela garai konplikatua, baina arauak beharrezkoak direla: "Aldaketa asko daude adin honetan, pantailekin eta mugikorrekin engantxe bat egon daiteke, beharbada gaztetxoek ez dakitelako zeri heldu, eta gurasook askotan beldurra izaten dugu. Hala ere, joera dago autoritarismoa autoritatearekin nahasteko eta arauak beharrezkoak dira: haurrek eta nerabeek hobeto funtzionatzen dute mugak badituzte, badakitelako non mugitu behar duten".

Ixiar Aranaren hitzetan, teknologiak aurretik familietan zeuden hu-tsuneak bistarazi ditu kasu askotan: "Lehen etxean araurik ez bazegoen, ordutegiei dagokienez esaterako, orain gutxiago. Ni DBHko irakaslea naiz eta goizeko hiruak arte mugikorrarekin egoten diren ikasleak ditut. Lo falta dute. Etxean inongo kontrolik ez badago... jai daukagu".

Hala ere, helduok ere erantzukizun handia dugulakoan daude. "Guk geuk ere mugikorraren erabileraren inguruan konpromisoak hartu beharko genituzke eta autokritika egin. Adibidez, haurrarekin banago eta mezu bat sartzen bazait, ez dut irakurriko. Izan ere, azken boladan giza harremanek kalitatean asko galdu dutela uste dut eta teknologiek zerikusia dute horretan", azaldu du Eli Trojaolak.

Hala ere, kezkatzen dituen gaia ez da telefono mugikorrena bakarrik; orohar, ikasleen egunerokoan pantailek duten nagusitasunak hausnarketa merezi duela uste dute. "Pantailez inguratuta ematen dute eguna. Hezkuntza sailak Chromebook-a erabiltzearen erabakia hartu du LH5tik aurrera ikastetxe guztietan eta, nahiz eta horren aurka ez gauden, uste dugu hausnarketa bat merezi duela. Erabilerari buruz hausnartu behar dugu. Askotan esaten dugu belaunaldi berriak natibo digitalak direla, baina adicto digitalak dira, iristen zaiena kontsumi-tzen baitute, irentsi egiten dute, besterik gabe", argudiatzen du Lierni Armendarizek.

Pandemiak eta konfinamendu garaiak egoera ez du hobetu. "Etxeetan pantaila asko egon da, eta gatazkak sortu ditu. Bazetorren prozesu bat azkartu egin da: gaur egun normala da bederatzi urteko haur batek etxekolanak ordenagailuan egitea eta aisia ere horretara bideratuko du", azaldu du Orkatz Goenagak.

Udako oporren ostean hausnarketa prozesuari jarraipena emango diote Altxa burua! taldeko kideek, Tolosako eta eskualdeko ikastetxeetara ere iritsi nahi dute "gaiari buruz hausnartu eta gizarteratzeko asmoz".