Pandemiak eragindako egoera ikusita, Getariako San Anton egunean, urtarrilaren 17an, ekitaldirik ez egitea erabaki du Getariako Txakolina jatorri deiturak. Ohar baten bidez jakinarazi duenez, gauzak hobetzen direnean emango dute egin beharreko sustapen-jardueren berri.

Hala ere, 2021eko uztarekin egindako txakolina dagoeneko merkatuan dagoela adierazi dute eta jatorri deituraren inguruko datu batzuk ere jakinarazi dituzte. Getariako Txakolina Gipuzkoan egiten da eta orotara, 443 mahasti hektarea daude jatorri deituran inskribatuta. Horrez gain, 36 upategik osatzen dute jatorri deitura eta aurten bi berri gehitu dira proiektura: Oñatiko Murgialdai eta Zestoako Aitaren.

Uzta-ekoizpenari dagokionez, 2021ean 3.974.000 kilo mahats jaso dituzte eta 2020. urtekoarekin alderatuta, %10 txikiagoa izan da uzta. “Mahats osasuntsu eta kalitatezkoa bildu da irailaren bigarren hamabostalditik aurrera, eta, horren ondorioz, gure inguruko txakolin tipikoa egin da, 11 gradu ertainekoa eta azidotasun markatu eta orekatua duena”, azaldu du jatorri deiturak.

Orotara, 2.461.000 litro Txakolin Zuri, 230.600 litro Txakolin Gorri eta 6.540 litro Txakolin Beltz ekoitzi dituzte. Upategi bakoitzaren ekoizpenaren %80 Hondarrabi Zuri eta Hondarrabi Beltza barietateekin egindakoa izan behar da gutxienez, eta gainerako %20 Araudian adierazitako barietateena, hala nola, Petit Courbu (Hondarrabi Zuri zerratia), Gros Manseng, Chardonay eta Riesling.

“Beti mantendu izan dugu Hondarrabik, gure barietate autoktonoak, txakolin mota desberdinak egiteko aukera ematen duela. Upategi bakoitzak bere mahastien egoera kontrolatu eta mahatsa biltzeko unea erabakitzen du, egin nahi duen txakolin motaren arabera, betiere Araudian ezarritakoa berez”, adierazi du.

MERKATURATZE ONA

Jatorri deituraren arabera, 2021a merkaturatzeari buruzko datu onekin itxi dute, 2019ko zifretara iritsiz. Esportazioa %30 igo omen da gainera: 2019-2020 kanpainan 423.200 litro esportatu ziren, eta 2020-2021 kanpainan, berriz, 574.125 litro.

Txakolin gehien AEBtara esportatzen dute (herrialde guztien %65), eta ondoren Frantzia (%6,5), Erresuma Batua eta Norvegia (%5,2) eta Suedia eta Japonia (%4) daude.