Datorren urteko 22. Korrika aurrera doa, baita berarekin loturiko ekintzak ere. Haien artean esanguratsuena dirudien ekimena Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei egingo zaien omenaldia da. Berau Gure Zirkuarekin elkarlanean gauzatuko da eta urtarrilaren 7an izango da, 19.00etan, zirkuak Tolosan izango duen karpan.

Sarrerak Korrikaren webguneko online dendan eskuratu ahal izango dira gaurtik aurrera.

Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldearen atzean dauden pertsonak. 34 urte daramatzate Euskal Herriko plazetan "euskararen transmisioa lantzen", AEKren esanetan, eta bertako eledunek baieztatu dutenez, "beren ibilbidean euskararekiko adierazi duten konpromisoagatik eta ekinagatik; eta orainaldiari eta etorkizunari begira dauden eragileak direlako" erabaki izan da haiek omentzea.