- Euskal hizkuntza akademiak Gasteizko Etxezarra eraikinean egindako osoko bilkuran, Alfontso Mujika ingeniari eta hizkuntzalari donostiarra euskaltzain oso bilakatzeko hautagai izendatu zuten ostiralean. Erabaki hau pasa den uztailaren 11an Ibon Sarasola hizkuntzalaria euskaltzain emeritu bilakatu ondoren hartu da, berorrek utzitako lekua betetzeko asmoz. Izan ere, 75 urte bete ostean, Euskaltzaindiako kideak emeritu izatera pasatzen baitira.

Uztailaren 23an, Baionako Herriko Etxean eginiko osoko bilkuran, ireki zen hautagaiak aurkezteko epea, barne-arauen arabera, iraileko eta urriko batzarretan zehar gerta zitekeena. Horren ostean, datorren azaroaren 26ko bilkuran hartuko da erabakia; euskaltzain oso eta emerituen bozken gehiengoa lortuz gero, Mujika euskaltzain oso bihurtuko da.

1959an jaiotako donostiarra, ingeniari ikasketak izan arren, aspaldidanik dabil euskararen eskutik lanean. 1982 eta 1987 bitartean bere jaioterriko AEKn aritu zen, 1987 eta 1990 bitartean Udako Euskal Unibertsitateko kudeatzailea izan zen eta, 1990az geroztik, Elhuyarren dabil hizkuntza-teknikari gisa. Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordeko kide ere bada 2008. urtetik eta Euskaltzaindian barrena jardun du 2002tik aurrera, batzorde ezberdinetako kide izanik, besteak beste.

Izendapen honez gain, Xabier Kintana hizkuntzalari bilbotarra euskaltzain emeritu bilakatu zen urriaren 13an, 75 urte bete ostean. Beraz, azaroko eta urtarrileko osoko bilkuretan, bere hutsartea bete-tzeko izenak proposatzeko aukera izango da. Horretarako, gutxienez, hiru euskaltzain osok izenpetu beharko dute norbait, hautagai bilaka dadin.