- Bi erakunde Nikaraguar horiek, Articulación Feminista eta Asociación Madres de Abril, emakumeen eskubideen alde eta Erdialdeko Amerikako herrialde hartan bakea sustatzearen alde borrokatzen dute, biek ala biek. Lan horren errekonozimendu gisa, Eusko Jaurlaritzak Nikaraguako bi elkarte horiei eman die “ex aequo” 2021eko Ignacio Ellacuria Garapenerako Lankidetza Saria.

Iñigo Urkullu lehendakariak emango die saria, datorren urriaren 26an Lehendakaritzan egingo den ekitaldian. Eusko Jaurlaritzak atzo ohar baten bidez azaldu zuenez, Nikaraguako emakumeen mugimenduak “beti salatu izan ditu Erdialdeko Amerikako herrialde hartan emakumeek bizi dituzten desberdintasun-baldintzak eta bidegabekeriak, eta beti egon da lehen lerroan herrialdearen egungo egoera zailean”.

Saria jakitera ematerako orduan aipatu zutenez, 2018ko apirileko protesten ondoren, “Errepresio-uholdeak eragin berezia izan du erakunde feministengan eta eskubideak defendatzen dituzten emakumeengan”.

Epaimahaiak erakunde horiek aintzatetsi nahi izan ditu “emakumeen eta Nikaraguako herriaren eskubideen eta justiziaren alde egindako lanagatik, horrekin euskal gizartea eta nazioartekoa sentsibilizatzen lagunduz”.

Zehazki, Articulación Feminista de Nicaraguari (AFN), 2018ko apirileko matxinada zibikoan emakumeen partaidetzaren funtsezko bultzatzailea izateagatik eman zaio saria, eta Asociación Madres de Abril-i (AMA), berriz, egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak eskatzen dituen ahots nagusia izateagatik.

Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, AFN plataforma 2004an sortu zen, emakumeen eskubideak aldarrikatzeko ekintzak egiteko helburuarekin, eta orain hiru urtetik hona “Gobernuaren errepresioaren” biktimak babesteko protestan eta egin beharreko lanen jardunean ibili da buru-belarri.

Asociación Madres de Abril (AMA) 2018ko irailaren 30ean jaio zen, eta urte horretako protestetan hildako gazteen 100 familia biltzen ditu. Helburua garbi dute: egia bilatu eta exijitu, justizia, eta oroimenaren eraikitzea.