"Jendeak kalean dagoeneko ez ditu penaz begiratzen garun paralisia duten pertsonak"

Iñaki Urretabizkaia Aspaceko zuzendaritza-batzordeko kideak entitatearen ibilbideari buruz hitz egin zuen

05.10.2021 | 02:05

donostia – Iñaki Urretabizkaia Aspaceko zuzendaritza-batzordeko kidea izateaz gain, erabiltzaile baten anaia ere bada eta txikitatik ezagu-tzen du entitatearen jarduera. "Aspacen egon den eraldaketa izugarria izan da 50 urte hauetan. Garun paralisia duten pertsonen alde egin dituzten ekintzak eta arlo desberdinetan aurrera eraman izan diren ekimenak funtsezkoak izan dira pertsona horien eskubideak bermatzeko eta garatzeko", azaldu zion egunkari honi Urretabizkaiak.

Bere ustez, Aspacek erabiltzaileek eskubide guztiak bermatuta izan di-tzaten egin du lan urte hauetan guztietan eta baita gizartea hortaz ohartaraztean ere. "Uste dut pertsona hauek besteek bezala bizitzeko eskubide osoa dutela ikusgarritasun hori dezente landu izan delako Aspaceren bidez. Horren ondorioz, erakunde publikoek politika sozial asko sortu dituzte eta horrek ere lagundu du erabiltzaileei bizitza duinago bat eskaintzen", zehaztu zuen.

Urretabizkaiaren arabera, politika sozial horiei esker, gaur egun garun paralisia duten pertsonak gizartean barneratuta daude. "Normalizazioaren alde pauso handiak eman dira eta uste dut beraien presentzia kaleetan dagoeneko ez dela zerbait berezia. Jendeak ez ditu penaz begiratzen eta ez dute pentsatzen bigarren mailako pertsonak direnik, baizik eta benetan badituztela besteok ditugun antzeko asmoak, ametsak eta ondo pasatzeko gogoa", nabarmendu zuen.

Eta horren adibide garbiena etxean bertan du Urretabizkaiak. "Guk 20 urteko bi seme-alaba ditugu eta beraiek izebarekiko eta Aspacen dauden beste erabiltzaileekiko duten harrera oso gertukoa da, beste pertsonekin duten bezala. Guk ez dakit garun paralisia duten pertsonei zer ematen diegun, baina beraiek guri batera gauden bakoitzean ematen digutena sekulakoa da", azaldu zuen.

Hala ere, oraindik elkarrekin batera normaltasun osoz bizi ahal izateko lan asko egin behar dela azpimarratu zuen. "Badirudi eraginkortasunezko burbuila batean bizi behar garela, baina nik uste dut burbuila hori hautsi egin behar dela benetako normalizazioa presente egon dadin. Geure buruari galdetu behar diogu nor den desberdina, beraiek edo gu. Askotan sailkatu egiten ditugu eta nik uste dut Aspacek egin duen lana Gipuzkoako gizartean, eta orokorrean euskal gizartean, etiketa horiek apurtzeko beharrezkoa izan dela", aitortu zuen.

Horrez gain, etorkizunera begira, profesionalen, erabiltzaileen, familien eta bolondresen arteko sinergiak birsortzea eta indartzea izango da helburu nagusia. "Egia da, era berean, erakunde pribatu eta publikoen laguntza ezinbestekoa dela aurrera jarraitzeko eta pertsonen bizi kalitatea bermatzeko", esan zuen.

Noticias relacionadas

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa