Garaia Mahastietara itzultzeko

03.10.2021 | 00:08
Getariako Txomin Etxaniz upategirako mahatsa.

Txomin Etxaniz txakolindegian urriaren 22an hasi ziren mahats-bilketarekin eta Mikel Txueka arduradunak prozesu honen nondik norakoak azaldu dizkio egunkari honi.

Urtero bezala, uda igaro ostean hasi dira Gipuzkoako upeltegiak txakolina egiteko mahatsa biltzen. Sasoi honetan jende asko kontratatzen da horretarako eta 20 egunez aritzen dira lanean, mahastietan gora eta behera. NOTICIAS DE GIPUZKOAk Getariako Eitzaga auzoan dagoen Txomin Etxaniz upeltegia bisitatu du eta Mikel Txuekak, bertako arduradunetako batek, mahats-bilketaren inguruko xehetasunak azaldu ditu.

Txomin Etxaniz familiako negozioa da, eta une honetan jabeak hiru anaia eta beraien emazteak dira; horietako bat Mikel Txuekaren aita. "Nik, pertsonalki, hamar urte inguru daramatzat hemen, baina sei lehengusuk egiten dugu lan. Betidanik bizi izan dugu hau, guztiok honetara dedikatu baikara", adierazi du Txuekak.

Bera txikia zenetik hona gauzak asko aldatu omen dira, orain askoz mahasti gehiago daudelako. "Txikitan mahats-bilketak zortzi egun inguru irauten zituen, beraz, festa moduko bat izaten zen eta senitartekoak etortzen ziren laguntzera. Gaur egun, aldiz, 20 bat egun irauten ditu eta beste 70-80 pertsona kontratatzen ditugu. Guztiz aldatu da prozesua; lehen festa zena orain lan askoko momentu bat da", zehaztu du.

Irailaren 22an hasi ziren upategi honetako mahasti batzuetan lanean. Asteburuan gelditu egin ziren eta haste honetan asteburuan berriro geratu ondoren, guztia jarraian egitea espero dute.

"Gradua hartzen pixka bat kosta-tzen ari zaio aurten mahatsari, eta horren arabera joaten gara kalitatea eta heldutasuna kontrolatzen. Urtetik urtera aldatzen joaten den gauza bat da. Esplikazio bat baino gehiago daude hori azaltzeko. Lehengo urtean, adibidez, oso urte ona izan zen eta oso erraz heldu zen mahatsa. Aurten berriz, pixka bat aldrebes samar dabil, baina gehienbat aurtengo udan eguraldia eskas samarra izan delako", adierazi zuen.

Urte osoan zehar, Txomin Etxanizen 20 langilek egiten dute lan, baina orain beste 75 inguru kontratatu dituzte mahatsa jasotzeko. Mahastietan, orotara, 90 pertsona inguru dabiltza une honetan.

Txomin Etxanizen mahasti gehienak Getarian kokatuta daude. "Aian mahasti bat daukagu, Zarautzen mahasti txiki batzuk eta beste guztiak Getarian. Guztira 50 hektarea inguru dauzkagu, eta horietatik 40 Getarian kokatuta daude", azaldu du.

Urtea behar bezala joaten bada, 700.000-800.000 kilo mahats biltzen dituzte normalean. "Urtearen arabera izaten da hori. Lehengo urtean adibidez, oso urte ona eta produkzio handikoa izan zen, baina 2019an gutxi gorabehera 500.000 kilo inguru izan ziren. Aurten, itxura guztien arabera, 600.000-700.000 mila kilo mahats lortuko ditugu", nabarmendu du.

pandemia, erdi gaindituta Gauza asko aldatu dira mahastietan lehengo urtetik hona, izan ere, egoera ere asko aldatu da baita. "Lehengo urtean adibidez, Estatu mailan mahatsa biltzen gu baino lehenago hasten direnek arazo handiak izan zituzten; batez ere, Lleida inguruan. Guretzat ere mahats-biltzea oso zorrotza izan zen eta lau talde desberdin egin genituen elkarrekin ez egoteko. Musukoa erabiltzen genuen eta gel hidroalkoholikoa eman behar izaten genuen, segurtasun neurriak ahalik eta ondoen betez", adierazi du.

Aurten gutxi gorabehera berdin jarraitzen dute, baina "pixka bat lasaiago". "Zorionez, mahastiak espazio zabal batean daude eta batetik bestera bi edo hiru metroko distantzia dago. Horrez gain, gaitza pixka bat gehiago ezagutzen dugu eta lasaiago gaude. Lehengo urtean beldur handiarekin ibili ginen, baina aurten uste dugu gutxi gorabehera pandemia kontrolatuta dagoela eta ia guztiak txertoa hartuta daude gainera", gehitu du.

Une honetan, bi taldetan antolatuta daude eta pandemia frena-tzeaz gain, mahats-bilketaren fun-tzionamenduan ere laguntzen du horrek. "70 pertsona badituzu lanean oso talde handia da eta bi talde txiki hobeto gobernatzen dira. Adinari dagokionez, jende gaztea daukagu mahastietan lanean. Euskal Herriko eta inguruko jendeak 20-30 urte inguru ditu, eta baita pixka bat nagusiagoak ere, 40 urte ingurukoak. Langileen %80 atzerritarra da eta normalean gazteak izaten dira" azaldu du.

egun bat mahastietan Mahatsa biltzen goizeko 8.00etan hasten dira eta arratsaldeko 16.00etan bukatzen dute. Eguerdian orduerditxo bat hartzen dute bazkaltzeko. "Lehen, bere garaian, eguerdian bazkaltzeko bi ordu hartzen genituen eta eguna asko luzatzen zen. Orain ordea, langileak goiz joaten dira etxera eta deskantsatzeko denbora izaten dute. Lehen askoz ere gogorragoa izaten zen", nabarmendu du.

Garai batean, bazkaria upategiko jabeek prestatzen zieten langileei, baina duela hiru urtetatik bakoitzak bere janaria eramaten du. "Langileen %80 inguru kanpotarrak dira eta erlijio eta ohitura desberdinak dituzte. Bazkaria egiten genienean gero eta arazo gehiago aurkitzen hasi ginen zentzu horretan, batzuk ezin zutelako guztia jan", zehaztu du.

Eguraldiari dagokionez, euri asko ari bada ez dute mahatsik jasotzen, baina euri gutxirekin normalean ez dira gelditzen, jasotzea presazkoa bada behintzat. "Ikusten badugu usteltzeko joera duela mahatsa bildu egiten da, baina asteko atsedenaldiak eguraldiaren arabera egiten saiatzen gara", esan du.

20 eguneko lanaren ostean, txakolina egiteko nahikoa material izaten dute. Jarraian, Euskal Herrian eta bertatik kanpora ere saltzen dute ekoitzitakoa. "Gutxi gorabehera %65 Euskal Herrian saltzen dugu, %20 Estatu mailan, gehienbat Madril eta Katalunia inguruan, eta %15 inguru esportatu egiten dugu. Guztira, 25 herrialde baino gehiagotara esportatzen dugu mundu guztian zehar", azaldu du amaitzeko.

Txomin Etxaniz upeltegirako mahatsa biltzen ari diren langileen %80 atzerritarrak dira; gainerakoak, Euskal Herrikoak edo ingurukoak

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa