- Energia berriztagarrien modalitate guztiak bultzatzea premiazkoa dela adierazi zuen atzo Eusko Jaurlaritzak, baita garraioaren elektrifikazioa bizkortzea ere. Klima Aldaketari buruzko Adituen Gobernu arteko Taldeak (IPCC) igorritako ondorioak Basque Green Deal estrategia “bizkor-tzeko pizgarri” argia dira bere ustez. Bide batez, eguneroko ohituretan “ekintza jasangarrietara jauzi egiteko” deia egin die euskal herritarrei.

Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak ohar batean onartu duenez, txostenaren ondorio kezkagarriak ez omen dira “ezustean etorri”. Bere esanetan, Seigarren Ebaluazio Txostenak dakarren berrikuntzetako bat, eskualde-mailan klima aldaketari buruzko azterketa zehatzagoa egitea da. Eusko Jaurlaritzak ikuspegi hori “atseginez” hartu du, kontuan hartuta “Euskadi gidatzen dituela, eskualde-apustua tokiko egokitzapena bultzatzeko, eta autonomia-erkidegoetako gobernuek klima aldaketaren aurkako borrokan duten eginkizuna”, besteak beste, Regions 4 garapen jasangarrirako nazioarteko sarearen presidentetzatik.

Klima aldaketaren egoeraren eskualdekako eta udalerrikako xehetasunak ezagutzeko premia horretan, Eusko Jaurlaritza Kosta Egoki txostenaren bertsio eguneratua amaitzen ari da, eta, iragarri duenez, irailean aurkeztuko dira Euskadi mailan burututako klima agertoki zeha-tzak. Nolanahi ere, Eusko Jaurlari-tzak esan duenez, Euskadi “aitzindaria” da Estatuan, “Klima agertokien bisorea” prest baitu, “informazio eguneratu eta xehatu guztia bereizmen handian ikusteko”. Era berean, gaineratu du IPCCren txostena bat datorrela gaur egun Euskadin klima agertokiei buruz garatzen ari diren lanekin, trantsizio energetikoaren aldeko apustuarekin eta aldaketa klimatikora egokitzeko garatzen dabiltzan tresnekin. Saileko arduradunen hitzetan, “azken batean, Basque Green Deal estrategia globala da, ekoizpen-egituraren lehiakortasuna indartzeko baliagarri izango dena. Gainera, ingurumen-irizpideak sektore-politika guztietan txerta-tzeko balioko du, ez baldintzatuz, baizik eta balioa sortuko duen lehiakortasun-faktore gisa, Euskadin klima-aldaketaren mehatxuak gainditzen lagunduz”.