Ataungo Udalak elkartasuna adierazi die tabernariei

30.03.2021 | 23:55

donostia – Ataun eremu gorrian dago apirilaren 7ra arte bertan zenbatu diren kasu positibo kopuruagatik. Hori dela eta, herritarrak ezingo dira herritik atera eta Ataungo Udalak atzo ohar baten bidez adierazi zuenaren arabera, hori "aukera ona" da herrian bertan kontsumitzen jarraitzeko eta herriko merkatari zein ostalariei "bultzadatxo bat" emateko.

Ildo horretan, Udalak herriko tabernariei elkartasuna adierazi nahi izan zien baheketa dela eta prentsan izan duten oiartzunagatik. "Adierazi nahi dugu bat egiten dugula Troskaeta, Urbieta eta Sutegi tabernetako jabeen haserrearekin, eta gure elkartasuna adierazi nahi diegula", azaldu zuen.

Ataungo ostalariek ezarrita dauden arauak "ondo eta zorrotz" betetzen dituztela azpimarratu zuen eta jasan duten "kanpaina mediatikoa" ez dela bidezkoa izan defendatu zuen. "Oso gogorra da baheketaren berri prentsa bidez jasotzea, eta etengabe herriaren eta herriko tabernen izenak en-tzutea", salatu zuen Udalak.