Gipuzkoa Encounter: etxetik konektatuak

19.03.2021 | 00:57
Bigarrenez, Gipuzkoa Encounter Internet bidez gauzatuko da. Argazkia: N.G.

Gipuzkoa Encounterren edizio berri bat hasi da gaur, berriro ere internet bidezko formatuan

Aurten ere Gipuzkoa Encounter modu birtualean gozatzeko aukera izango dute teknologia berrien zaleek. Zehazki, 456 lagunek parte hartu ahal izango dute 15. edizio honetan, modu presentzialean izango balitz bezalaxe. Gainera, izena emandako parte hartzaile guztiek urtero antolatzen diren jarduera ludiko eta prestakuntza berdinetan murgildu ahal izango dute. Gaur, goizeko 10.00etan emango zaio hasiera lanparty birtualari, eta igande eguerdira arte egongo da martxan.

Pandemiaren egoera dela eta, Tolosako Usabal kiroldegian urtero antolatzen den lanpartya bertan behera utzi behar izan dute bigarrenez. Hori dela eta, iaz egin zuten bezalaxe, antolatzaile zein kolaboratzaileek orain arteko saio presentzialen antzeko ekitaldi birtuala jarri dute abian: prestakuntza-ekintzen artean, gai anitzeko 12 hitzaldi; eta partyan berriz, 22 lehiaketa egongo dira ekimenean.

Covid-19aren aurkako neurrietara moldatu behar izan badute ere, aurreko edizioaren "arrakasta" ikusita aurten ere aurrera egitea erabaki dutela adierazi dute antolakuntzatik.

Izan ere, Gipuzkoa Encounter isolamenduaren aurkako "antidotorik onena" omen da , eta teknologia berrien arloko prestakuntza, dibulgazioa eta dibertsioa konbinatzea du helburu. Hori dela eta, 15. edizio honek teknologia berrien zaleak eta horren parte izan nahi duten guztiak elkartu nahi ditu berriro ere.

Euskaltel Fundazioak antolatu du ekitaldia, Euskaltelen, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Ingurunearen Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren Sailaren (SPRI) laguntzarekin.

'partynet' Etxetik partyko hainbat eremutara aldi berean sartzeko aukera izango dute parte hartzaileek, Discord eta antzeko tresnen bidez. Alegia, "areto desberdinetara momentu berean sartzeko aukera ematen digun tresna da", non parte hartzaileek beste urtetako hainbat jarduera ludiko eta prestakuntza berdinetan murgildu ahal izango duten: arte digitalekoak, software librekoak, hardwarekoak, jolasak eta bideo-jokoak, besteak beste.

Horrez gain, eta Internet bidez erabili ahal izateko, partyNET izeneko saio presentzial guztietarako baliagarri den tresna egokitzen ari direla azaldu du antolakuntzak: "Bakoitza bere partyan dagoen bitartean, gure artean konektatuta egoten lagunduko gaituen tresna da".

TWITCH Era berean, ekitaldian izena eman ez duen edonork birtualki antolatuko diren doako prestakuntza saio eta hitzaldiez gozatzeko aukera izango du. Hain zuzen ere, 15. edizio honetan ardatz izango den Euskal Encounterreko Twitch kanalean eskainiko den programaren bidez ikusi ahal izango dira guztiak.

Ostiral honetan

Docker. Docker for dummies izenpean, software librearen inguruko hitzaldia eskainiko du kontrol industrialeko sistemetan aditua den Jordi Ubachek 11.00etik 11.45era.

'Streaming'. Kalitatezko streaminga egiteko tresna eta teknika desberdinak erakutsiko ditu teknologia berrien inguruko trebakuntzan aditua den Imanol Teránek, 12.00etatik 12.45era.

3D. Adimen artifiziala 3D inprimaketan txertatzeko urratsak azalduko ditu Itxaro Sukiak, fabrikazio aditiboan aditua, 13.00etatik 13.45era.

Deep Fakes. Unai Elordi, Vicomtech zentro teknologikoko ikertzaileak, Deep Fakeak sortzeko erabili diren tresnak azalduko ditu 16.30etik 17.15era. Twitchen ikusgai.

Linux. EuskalHackeko eta EuskalHack Teameko kide Roberto Casadok, besteak beste, plug&play-aren funtzionamenduari, Linuxeko USB azpisistemari eta /sys fitxategi-sistemari buruzko kontzeptuak azalduko ditu. 17.30etatik 18.15etara. Twitchen ikusgai.

Arduino. Tinkercad programaren bitartez, Arduino mundua ezagutzera eramango gaitu teknologia libreen zale den Jo0s3b4k, 19.00etatik 19.45era. Twitchen ikusgai.

noticias de noticiasdegipuzkoa