Gero eta gehiago dira kirola praktikatzera animatzen diren emakumeak, baina duela ez urte asko gizonezkoei mugatutako jarduera zen. Legeak, kodeak, aurreiritziak... asko izan dira gainditu beharreko hesiak. Gipuzkoan Carmen Adarraga izan zen molde horiek hausten lehenetarikoa, saskibaloian bereziki.

Carmen hainbat esparrutan nabarmentzen hasi baino lehen, Adarraga abizenak sona handia zuen Gipuzkoako kirol munduan. Luis, bere aita, txirrindulari bikaina izan zen. Besteak beste, Euskal Itzuliko lehenengo edizioetako bat irabazi zuen eta Espainiako txapeldun izatera ere iritsi zen. Hala ere, lorpen handiena lortu zuena Javier Adarraga izan zen, Luisen anaia, 1914ko Pariseko Olinpiadetan urrezko domina eskuratuta Binakako Pala modalitatean.

Kiroletik at, Luisek Chocolates Adarraga fabrika ireki zuen Hernanin, gaur egun Juan de Urbieta etorbidea dagoen tokian. Luisen eta Benitaren hamabi seme-alabek fabrikaren eta Setien Etxearen artean zegoen lorategian ekin zioten entrenatzeari. Carmenez gain, bere anai-arrebak ere kirolzale amorratuak izan ziren eta besteak beste, pentatloian, 800 metrotan edo pertiga-jauzian Espainiako errekorrak lortu zituzten.

Carmen Adarraga Elizaran 1921ko uztailaren 5ean jaio zen eta bere anai-arreben bidea jarraituz, gaztetatik ekin zion kirola praktika-tzeari. Kontuan izan behar da Gerra Zibilean eta frankismoaren lehenengo urteetan emakumeak kirolean aritzea ez zegoela ondo ikusita eta Carmen bezalako aitzindariek makina bat oztopo gainditu zituztela gustatzen zi-tzaiena egiteko.

"Oso garai zailak izan ziren. Emakumeak guztiz estalita jokatu behar zuten eta Guardia Zibilen bisitak ere jasotzen zituzten ea gonak belaunetatik behera zituzten kontrolatzeko", gogoratzen du haren semea den Tito Irazusta kazetari ezagunak. Gipuzkoatik kanpo parte hartzen zuten txapelketetara iristeko ere arazoak zituztela azaltzen du Irazustak eta ez zutela beste aukerarik abereen artean trenean bidaiatzea baino.

Carmen Adarragaren kirol ibilbidea ikusgarria da. Espainiako selekzioaren saskibaloiko, eskubaloiko eta hockeyko historiako lehenengo kapitaina izan zen eta saskibaloian lau aldiz lortu zuen Espainiako txapelduna izatea. Gainera, oso pertsona langilea zen. Egunez denda batean egiten zuen lan eta gauez bere familiak zuen Cinema Irazusta zinean sarrera saltzaile gisa aritzen zen. Magisteri-tza ere ikasi zuen, nahiz eta irakasle bezala inoiz ez jardun.

Aurrekaririk ez zuen bidea ireki zuen Carmenek, nahiz eta orduan bera jakitun ez izan. Irazustak kontatzen duen moduan, bere ama oso pertsona "apala" zen eta ez zion inoiz garrantzirik eman berak eta bere lagunek egindakoari. "Egin izan zizkioten elkarrizketetan berak ez zuela ezer kontatzeko esaten zuen. Egiten zuena normala zela pentsatzen zuen", dio kazetari hernaniarrak.

Guardia zibilaren begiradapean

Gonak, belaunen azpitik

Kontraesankorra dirudien arren, Adarragak eta beste hainbat emakumek osatutako talde batek Falangeren barruan sortutako elkarte baten parte izanda lortu zuten saskibaloian aitzindari izatea. Sección Fememina deritzona Pilar Primo de Riverak eratu zuen Gerra Zibila hasi baino lehenago, emakumeak "hezteko" helburuarekin. Donostian saskibaloiak apenas zuen jarraitzailerik eta emakumezkoak izan ziren, gizonezkoak baino urte pare bat lehenago, Gipuzkoan saskien artean aritu ziren lehenak.

1940ko udan Sección Femeninako Saskibaloiko Espainiako Txapelketa ospatu zen eta Donostiako taldeak bertan sailkatzea lortu zuen. Talde hura Hernaniko emakumeez osatuta zegoen gehien bat eta haien artean aurkitzen zen Carmen Adarraga. Fase desberdinetako partida guztiak irabazi ostean, donostiarrek Bartzelonako ordezkarien aurkako finala jokatu zuten ekainaren 18an Martuteneko Campos Elíseosen. Unidad egunkariak jasotzen duenez, gipuzkoarren nagusitasuna lehenengo momentuetatik nabaritu zen eta azkenean 15-5eko garaipenarekin lortu zuten txapeldun bilakatzea. Partidaren kronikan, kazetariak Carmen Adarragaren "sekulako bizitasuna eta paseak emateko zehaztasuna" nabarmendu zuen.

Carmenek 27 urterekin utzi zuen kirol mundua, bere lehenengo semea jaio ostean. Hala ere, kirola beti egon zen presente haien etxean eta Irazustak gogoratzen duen moduan, "etxeko mintzagai nagusia zen beti". Carmen Leandro Irazusta txirrindulari ezagunarekin ezkondu zen eta haien bost seme-alabek kirola maitatzen ikasi zuten, amak bezala. Juan Luis atezain gisa aritu zen lehenengo mailan, Susana nazioarteko atleta izan zen, Elena Medina saskibaloi taldeko jokalaria eta Mabel Realeko hockey taldean aritu zen.

2004ko irailean zendu zen Carmen Adarraga, Hernaniko bere etxean. Hala ere, hark irekitako bidea funtsezkoa izan da emakumeak kirolean eta bizitzako beste arlo askotan aurrera egiteko. Bere ibilbidearen omenez, Gipuzkoako Aldundiak Carmen Adarraga sariak sortu zituen 2016ean lurraldeko emakume kirolari esanguratsuek merezitako aitorpena izan dezaten.

"Carmen Adarragak sasoi hartan bizi zen debeku giroaren erdian eta emakumeek jasaten zuten askatasun gabeziarekin, amets baten alde borroka egin zuen. Bera bezalako ekarpenei esker gaude gauden lekuan", nabarmendu zuen Goizane Álvarez Aldundiko Gazteriako eta Kiroleko zuzendariak. Bere sorterrian ere ez dute Adarragak kirol munduan egindako ekarpena ahaztu nahi izan eta Hernaniko Udalak atletismoko pista bat duen jolas parke bati bere izena jarri zion pasa den urtean.