Ezagunak dira Frankismoaren garaian euskararen iraupenaren alde egin zuten abeslarien, idazleen edota politikarien izenak, gizonezkoak gehien-gehienak. Foku mediatikoetatik at, aldiz, badira makina bat protagonista ez dutenak merezitako oihartzuna izan. Elbira Zipitriarena da kasu horietako bat, ikastolen sorkuntzan eta euskararen sustapenean berebiziko garrantzia izan zuena. Klandestinitateko istorio bat.

Elbira Justa Zipitria Irastortza Zumaian jaio zen 1906ko maiatzaren 28an, Torreako porlan fabrikako etxean. Hiru senideetatik gazteena zen eta bera oso gazte zela familia Donostiara joan zen bizitzera. Nahiz eta etxean diru gehiegirik ez izan ikasketak ordaintzeko, Elbirak Foru Aldundiak eskainitako beka bati esker egin zituen irakasle ikasketak. 22 urterekin hasi zen irakasten Miguel Muñoak sortutako Koruko Andre Mariaren ikastetxean, 70 haurrei klaseak emanez.

Irakaslea ez ezik, Zipitria politika munduan oso aktibo ibili zen gaztetatik. Bere lankide izandako Mari Karmen Mitxelenak Bidegileak bilduman kontatzen duenez, "Elbira oso abertzalea zen, EAJko alderdikide sutsua eta Emakume Abertzale Batzako kidea". Besteak beste, Gipuzkoako hainbat herritan ibili zen mitinak ematen eta euskal zaletasuna pizten. Jardun euskaldun eta politiko honengatik Iparraldera erbesteratu behar izan zuen Gerra Zibila hasi bezain laster. Etxetik kanpo ere ez zion irakasteari utzi eta Saran hegoaldetik ihes egin zuten hainbat familiekin elkartu eta haien seme-alabei klaseak ematen ibili zen.

Egoera zertxobait lasaitzean itzuli zen Zipitria sorterrira, 1940ko hamarkadaren hasieran. Behin Donostian, 1942an Prim kaleko Arriola sendagilearen etxean eskolak ematen hasi zen berorren seme-alabei. Taldea, dena den, azkar handitu zitzaion eta Goeanagatarren etxera mugitu behar izan zuen leku gehiagoren bila. Handik urte batzuetara bere etxean ezarri zuen behin betiko ikastola klandestino hura, Fermin Calbeton 26 famatuan. Aipagarria da etxe hura bera Maider Oleaga zinemagileak alokatu zuela duela ez urte asko, bertan zein bizi izan zen jakin gabe. Zipitria nor izan zen jakitean piztu zitzaion hari buruzko Muga deitzen da pausoa dokumentala egiteko ideia, 2018an estreinatutakoa.

Metodologia aurreratua

Pedagogia berritzaileak

Elbira Zipitriaren irakasteko moduak ez zuen garai horietako eskoletan egiten zenaren antzik. Bere ahizpa moja Marseillan bizi zen eta harengandik hartu zituen Europan pil-pilean zeuden korronte pedagogikoak. "Behin eta berriz entzun nion berak ez zituela gauza berriak asmatu, baizik aurrerakoiak eta onak zirenak hartu", kontatzen du Mari Karmen Mitxelenak Bidegileak bilduman. Ezaguna da Frenet, Montessori edo Pinget bezalako pedagogoen eragina jaso zuela, besteak beste.

Zumaiarrak bere egongelan ematen zituen klaseak, adin desberdinetako umeekin eta neska-mutilak elkarrekin zituela. Gainera, mutikoek biberoia ematen edo garbiketa nola egiten ikasten zuten, garai horietako eskola segregatuen guztiz kontrako eredua. Ikastola ezkutuan mantentzeko 10 ikasleko taldeak onartzen zituen gehienez, bai goizez bai arratsaldez. "Elbirak lortu zuen ikastola erdi-klandestinitate onartuan izatea hizkuntza eskola bezala sortuta zegoelako", azaltzen du haren ikasle izandako Arantza Garaialdek ahostak.eus webgunean.

Klaseak ematerako orduan, Zipitriak kanikak, txotxak edo txitxirioak bezalakoak erabiltzen zituen ohiko materialez gain. Besteak beste, kanikak matematika lantzeko erabiltzen zituzten eta txotxak, berriz, irakurketa eta idazketa trebatzeko. Halaber, aho hizkuntza asko lantzen zuen irakaslea zen Elbira. Haurrek, adibidez, 100 abestitik gora ikasten zituzten: "Ikusten zuen abestien bidez asko landu zitekeela euskara", gogoratzen du harekin andereño lanetan ibilitako Kontxita Beitiak.

Gaur egun ohikoa da tarteka irteerak antolatzea, baina frankismoaren garai horietan oso jarduera berezia zen. Zipitriak astero eramaten zituen umeak Urgull mendira zuhaitzen eta animalien izenak irakasteko. Portura edo Bretxako azokara ere gerturatzen ziren maiz, bertako kontuak eta prezioak ondoren egongelan lantzeko.

Etorkizunaren beldur

Euskara galbidean?

Haurrekin ez ezik, irakasle zumaiarrak lan handia egin zuen helduei euskara irakasten. Beti bere etxeko egongelan, Zipitriak gau eskolak ematen hasi zen 1956an, bai euskaldun berriei baita euskal zaharrei ere. Berari aitortzen zaio Nor-Nori-Nork, egun euskara irakasteko ezinbesteko baliabidea.

1960ko hamarkadaren azken urteetan euskara klandestinitatetik atera eta hezkuntza sisteman barneratzen hasi zen pixkanaka. Zipitria buru belarri aritu zen Santa Maria parrokiaren babeseko Orixe ikastolaren sorreran beste hainbat andereñorekin batera. Hala ere, dagoeneko 62 urterekin, ez zitzaion erraza egin ezkutuko ikastola atzean uztea. "Beldurrak eraginda ez zuen etorkizuna ondo ikusten. Berak pentsatzen zuen ikastolak berak egiten zuen itxuran egin behar zirela", azaltzen du Beitiak ahotsak.eus webgunean.

Euskara batuaren egitasmoa ere Zipitriarentzat oso kolpe latza izan zela gogoratzen dute haren gertukoek. "Izugarrizko mina izan zuen. Beretzat euskararen etorkizuna galbidean zegoen euskara batuarekin", nabarmentzen du Beitiak. Arantza Garaialdek, berriz, Elbirak "depresio moduko bat" izan zuela gogoratzen du.

Testuinguru zail honetan hartu zuen Elbirak erretiroa 65 urterekin. Klandestinitatean lanean urte asko ibili ondoren, pentsio kaxkarra gelditu zitzaion eta konpentsatzeko gertuko familia talde batek hilero diru kopuru bat ordaindu zion. Elbira Zipitria 1982ko abenduaren 26an hil zen eta Bermeoko Mañuko hilerrian hilobiratu zuten, haren amamaren ondoan.