4.000 euroko laguntzak arropa edo oinetako saltokiko

Eusko Jaurlaritzaren laguntza egitasmoak 16 milioi euro izango ditu enplegua eta jarduera mantentzeko helburuarekin

03.03.2021 | 00:37
Bezero bat Tolosako Aranguren arropa dendan. Argazkia: Ruben Plaza

donostia – Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 4.000 eta 4.500 euro arteko laguntzak ematea onartu zuen atzo arropa edo oinetakoen saltokiko, sektore horretan covid-19aren pandemiak eragin duen salmenten beherakadari aurre egin ahal izateko.

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak atzo azaldu zuenez, hornigai pertsonalena omen da txikizkako merkatari-tzaren azpisektore kaltetuena, salmentak 2020an %13,9 jaitsi zirelarik; beste alor batzuek, berriz, elikadurak, etxeko ekipamenduak eta beste kontsumo-ondasun batzuek tarteko, fakturazioa handitu egin dute 2020ko laugarren hiruhilekoan.

Arropa eta oinetakoen saltokientzako laguntza egitasmo horrek 16 milioi euro izango ditu eta eskariak egiteko epea atzotik dago zabalik. bat eta bederatzi langile bitarteko establezimenduek, autonomoak barne hartuta, 4.000 euro jaso ahal izango dituzte; eta hamar langile edo gehiago dituzten saltokiek, berriz, 4.500 euro. Bi kasuetan, programa honen ondoren jarduerari gutxienez lau hilabetez eusteko konpromisoa hartu beharko da.

"Euskal txikizkako merkataritzaren ekipamendu pertsonalaren sektorea jasaten ari den egoera txarraren aurrean jarri ditugu martxan zuzeneko laguntza hauek, enplegua eta jarduera suspertze ekonomikoaren fasera arte mantentzeko helburuarekin", adierazi zuen Hurtadok Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Hurtadok azpimarratu zuen plan horrek "ahalegin handia" suposatzen diola Eusko Jaurlaritzari, "baliabideak sektore guztientzat hain beharrezkoak diren une larri honetan", eta Gobernuak enpleguarekiko duen "konpromisoa" azpimarratu zuen, laguntza hauek jarduera mantentzearen baldintzapean jarri direlako.

Orain arte, turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren sektoreetarako Merkataritza Sailaren erresistentzia-planak 107 milioi euro batu ditu, 70 milioi 2020an eta 37 milioi 2021erako; azken 37 horiek, turismoarentzako 21 milioiren eta gaur onartutako 16 milioien artean banatzen dira.