onostiako CIC nanoGUNE ikerketa-zentroaren sorrera eta garapena jasotzen dituen dibulgazio liburua da Elixabete Garmendiaren Nanogune, txikiaren xarma eta horrez gain, zientziaren mundu "urrun eta ulergai-tza" guztion eskura jartzen du. Euskaraz argitaratu dute aurrena, eta jarraian gaztelaniara eta ingelesera itzultzeko asmoa dute.

Liburuaren aurkezpena atzo egin zuten CIC nanoGUNEn eta bertan izan ziren Elixabete Garmendia, egilea; Jose Maria Pitarke, nanoGUNEko zuzendari nagusia; Pedro Miguel Etxenike, nanoGUNEko lehendakari fundatzailea eta Javier Martinez Ojinaga, nanoGUNEko lehendakaria.

2019ko udan Etxenikeren deia jaso zuen Garmendiak, CIC nanoGUNEren hamar urteko historia jasoko zuen liburu bat sortzea proposatuz. "Urrian bisitatu nuen zentroa lehenengo aldiz eta Pitarkek bertako ikerketaren areto garbia erakutsi zidanean zirrara sentitu nuen, liburuak izen gisa daraman txikiaren xarma hori", azaldu zuen Garmendiak. Horrela hartu omen zuen liburua idazteko erabakia.

Hamaika elkarrizketa jasotzen dira liburuan eta, Etxenike eta Pitarkez gain, honakoak dira nanoGUNEko kide elkarrizketatuak: Andreas Berger, ikerketa-zuzendaria; Igor Campillo, proiektu eta komunikazio arduraduna; Miguel Odriozola, finantza-zuzendaria; Itziar Otegui, komunikazio-arduraduna; Ainara Garcia, teknologia-transferentziaren arduraduna; Maria Rezola, zuzendari nagusiaren idazkaria eta Amaia Zurutuza, nanoGUNEtik sortutako Graphenea enpresako zuzendari zientifikoa.

Zentrotik kanpoko pertsonen beste bi elkarrizketa ere gehitu ditu Garmendiak. Alde batetik, Joseba Jauregizar, Jaurlaritzako teknologia-zuzendari ohia (1991-2008) elkarrizketatu du; eta bestetik, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia ere (1999-2009) izan du solaskide, bere agintaldian sortu baitzen CIC nanoGUNE.

Elkarrizketatu guztiek kontatu dute ikerketa-zentroaren historia, baina ez da data eta ekintzei mugatzen zaion liburu soil bat. "Bide batez, hizpide izan ditugu zientziaren eta teknologiaren mundua nola mugitzen den, zientzialarien ezaugarriak, emakumeak zientzian duen tokia, ikerketa eta etika, berrikuntza arduratsua eta oro har, zientziaren eta teknologiaren sistema nola doan garatzen", azaldu zuen Garmendiak.

Hasieratik lan hau "master" bat izango balitz bezala planteatu zuen kazetariak. "Master horretako klaseetan nire posizioa beti izan da zintzilik egotekoa. Normalean, galdera ikurretik zintzilik ibili naiz, baina askotan, baita harridura ikurretik ere", aitortu zuen. Prozesu honetan "askotan harritu" dela esan zuen eta, tarteka "bertigoa" ere sentitu duela nano-munduari buruzko azalpenak entzutean: "Kosmosak eta galaxiek bertigoa ematen duten bezala, gauza bera gertatu zait beste muturrarekin, nanoeskalaren mailekin".

Emaitza, euskarazko kazetaritzatik eginiko dibulgazio liburu bat da, eta Etxenikek deskribatu bezala, Garmendiak gauza konplikatuak modu errazean azaldu ditu. "Gai zailak fintasunez tratatzen ditu eta argitasunez azaltzen ditu gauzak, erraz ulertzeko moduan", esan zuen Etxenikek.

CIC nanoGUNE nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean punta-puntako ikerketa egiteko helburuarekin sortu zen, Euskal Herriaren garapen ekonomikoa eta lehiakortasuna areagotzeko asmoz. Zentroa Ikerkuntzaren eta Teknologiaren Euskal Aliantzako (BRTA) kidea da, eta María de Maeztu Bikaintasun Unitatea ere bada, Espainiako Ikerketa Agentziak hala aitortuta.

Elkarrizketatuak. Jose Maria Pitarke, Pedro Miguel Etxenike, Andreas Berger, Igor Campillo, Miguel Odriozola, Itziar Otegui, Ainara Garcia, Maria Rezola, Amaia Zurutuza, Joseba Jauregizar eta Juan Jose Ibarretxe.