- Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek grebara deitu dituzte gaur Osakidetzako langileak. Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuen arabera, ospitaleek eta Lehen Mailako Arreta zentroek larunbatetako langile kopuru bera izan beharko dute.

Deialdi honek jarraipena eman nahi dio Euskal Osasun Zerbitzuaren Arabako zentroetan urriaren 29an, Gipuzkoan azaroaren 5ean eta hil bereko 12an Bizkaian egindako greba egunei, eta helburuen artean "Osakidetzako langileen kolektiboak jasaten duen lan-prekarietatea" salatzea eta osasun publikora bideratutako aurrekontu-partida handitzea daude.

Sindikatuen deialdiaren arabera, gaurko grebak Osakidetzako lantoki guztiak hartuko ditu, eta manifestazioak ere deitu dituzte hiru euskal hiriburuetan.

Greba egiteko arrazoiak "sobera" daudela azpimarratu dute antola-tzaileek, euren esanetan, Osakide-tzak ez duelako inolako neurririk hartzen Euskal Osasun Zerbitzuaren "egiturazko gabezia larriak" konpontzeko. Sindikatuen eskariak hauek dira: osasun publikoan inbertsio gehiago egitea, egiturazko langile kopurua handitzea eta behin-behinekotasunarekin amaitzea; baita Lan Baldintzak Arautzeko Akordio berri bat ere -orain 11 urtetik agortua-, azken urteetako murrizketak iraultzea, pribatizazioekin amaitzea eta langileen lan-osasuna zaintzea.

Gaurko grebarako Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen gutxieneko zerbitzuen arabera, ospitaletan eta lehen mailako arreta zentroetan larunbatetako langile kopuru bera egotea bermatu beharko da. Euskal Osasun Zerbitzuan egindako aurreko lanuzteetan ezarritako gutxienekoen antzekoa delarik.

Gainera, pandemiaren eragina dela eta, covidaren diagnostika-tzearekin, zaintzearekin eta arakatzearekin lotutako zerbitzuetan dabilen langileen kopurua bere horretan mantenduko da, bai eta txertaketa-taldeetan ere, deialdia egin duten sindikatuek kritikatu duten Lan Sailaren gutxieneko zerbitzuen aginduaren arabera.

Ana Vazquez Euskadiko UGTko osasun arloko arduradunak salatu zuenez, ezarritako gutxieneko zerbitzuak kontuan izanda, arlo ba-tzuetan "ia ez da greba egin dezakeen inor egongo". Bere esanetan, "inkongruentea" da Zumarragako eta Deustuko Etengabeko Arreta Guneetan murrizketak egitea, eta aldiz, gutxieneko zerbitzuen aginduan zentro horietako langileen % 100 egotera behartzea.