- PuntuEUS fundazioaren patronatuak PuntuEUS 2021-2023 plan estrategikoa martxan jartzea onartu ondoren, 2020ko plana itxitzat eman du. Amaitu berri den aldiak oinarriak ezarri eta .EUS domeinua komunitatean zabaltzea zuen helburu. "Ez dago zalantzarik helburuak arrakastaz bete direla. %242 hazi da domeinua epealdi honetan, kopurua ia hirukoiztuz eta 4.903 domeinu izatetik 11.927 izatera pasaz", azaldu zuen atzo Josu Waliñok, PuntuEUSen zuzendariak.

Urtarrilean gainditu da 12.000 domeinu-izenen langa eta orain arte egindako bideari jarraiki, gizartearen transformazio digitalean euskaratik eragitea izango da PuntuEUSen hurrengo hirurtekorako helburua. Horretarako, lau erronka nagusitan jarriko dituzte indarrak: gizarte digital euskalduna, domeinua, industria digitala eta kudeaketa aurreratua.

"Gaur egun euskal gizarteak bizi duen egoerari erantzuten dion plana garatu dugu. Gizartearen transformazio digitala bizitzen ari gara, eta guk erronka horri euskaratik erantzuten lagunduko dion egitasmoa garatu dugu, gizartearen transformazio digitalean euskara eta .EUS domeinua gako izan daitezen", azaldu zuen Waliñok.

Orain itxi den plan estrategikoa garatzeko Iñaki Goirizelaiak hartu zuen lehendakaritzaren lekukoa Joan Mari Torrealdairen eskutik eta datozen urteetan ere Goirizelaiak jarraituko du kargu horretan, EHUren ordezkari gisa. PuntuEUS fundazioaren patronatuko gainerako kideak ere mantenduko dira: Kontseilua, Euskal Idazleen Elkartea, EKE, ESLE, Euskaltel, Euskaltzaindia, EITB eta PuntuEus Elkartea.