ai, beno, ea datorren urtea hobea den! eta erantzun gisa ez da zaila izango! Zenbat aldiz engainatuko ote genuen gure burua eta parekoari animoa pixka bat altxatzen saiatu bide batez. Nahikoa izango zen agur soil bat, beste bat arte edo zaindu zaitez, baina ez, itxaropentsu garenaren itxura eman behar. Barrutik ordea nahiko argi daukagu aldaketa hori ez dela berehala emango. Eta epe ertainean emango balitz, gaitzerdi. Denontzat mesede.

Kasu, noski opa dizuedala datorren urtea ederra izatea, zuen ametsak betetzea eta guzti hori. Zoriontsu izatea, azken finean. Hau baita garrantzitsuena bizitzan eta beste asmo gehienak betetzen ari direnaren seinale. Baina barru-barruan ez dut sinesten datorren urte hau aurrekoa baino ikaragarri hobea izango denik. Ezkor xamarra izango naiz agian, marmartia ere akaso, baina ez du itxurarik egun batetik bestera gauzak beltzetik zurira pasako direnik. Ala zuritik beltzera, ez gaitezen koloreekin egoskortu.

Hausnartuz gero, nirekin bat etorriko zarete abenduaren 31ko gauetik urtarrilaren 1era bizitzak ez dizuela sekulako aldaketarik ekarriko. Gehienez parranda osteko biharamun pixka bat, San Silvestrea egin izanaren giharretako mina akaso eta betekada on bat ia ziur. Baina azken hau kenduta beste gauza gehienak aurtengoz ahaztu ditzakegu. Korrika zuen kabuz egin dezakezue, eta ajearena ere negoziatu dezakegu, baina ez da aurreko urteetako berdina izango, nahi eta nahi ez. Inongo nostalgiarik ez irakurri nire hitzetan. Etorriko dira berriz bueltan, ez kezkatu. Maiz etenaldiak indartsuago bueltatzeko izaten dira. Batez ere ajeak

Lagun batek esan zidan familian ez elkar-tzea erabaki dutela aurtengo tripa betekadak egiteko eta lagun ezkutua Aste Santuaren ingurura atzeratu dutela. Batetik babes neurri bezala, eta bestetik debekatua zaigulako kopuru batetik gora biltzea. Ideia bikaina. Ohiturari eusten diozu pixka bat atzeratu arren, eta gabonetako erosi behar, banoa dendak begiratzera, jende andana, ez dakit zer erosi, edozein kaka zahar erosiko dut, zurrunbiloa eteteko aukera duzu. Win-win. Eta gainera merkealdien olatua ere harrapatu dezakezu. Win-win-win.

Itxaropen handiak, izen hori eman zion Dickens-ek bere eleberri famatuari, eta an-tzeko esperantzak ditugu jarriak datorren urte honetarako. Bidean norbait galdu dutenenentzat ziur izango dela hobea, halabeharrez, eta beste gehienok ere ziur hoberako bidea hartuko dugula. Baina ziurragoa da oraindik egun batetik bestera ez zaigula egoera aldatuko, eta honekin bizi beharko dugula 2021a, baina tira, ea hurrengoa hobea den!.