Euskarazko bozgorailu adimenduna garatuko dute

Mycroft.eus egitasmoa Europa Langue Grid laguntza-deialdian hautatu dute

27.11.2020 | 01:42

donostia – Euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gai izango den Mycroft.eus bozgorailu adimenduna garatzeko proiektua jarri dute martxan Elhuyarrek, Skura kooperatibak eta Talaios kooperatibak. Horretarako, Mycroft Al software libreko gailua egokituko dute Elhuyarren bi sistema hobetuz eta integratuz: hizketaren ezagutza eta sintesia, biak ala biak adimen artifizialean eta Deep Learning teknologian oinarrituta garatuak.

Euskara eremu digitalean sendo egon dadin, beharrezkoak dira hainbat eragileren jakintza, ezagutza eta elkarlana. Egitasmo honek horixe du helburu, punta-puntako teknologia garatzeko norabide berean ariko diren erakundeen indarrak metatzea, administrazioaren babes eta laguntzarekin.

garapena Proiektuak urtebete iraungo du eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz ekimenaren babesa jaso du, Eusko Jaurlaritzak enpresen I+Ga bultzatzeko duen Hazitek programaren laguntzaz gain.

Mycroft bozgorailua Errenteriako Torrekua eraikinean garatuko da, izan ere, gaur egun teknologia-burujabetzako estrategiak gara-tzeko beharrezkoak diren ekonomia sozialeko harremanak eta teknologia libreen garapenak saretzen ari baitira bertan, hainbat proiekturen inguruan.

Euskal Herriko erakundeez gain, nabarmentzekoa da proiektuak Europan jaso duen babesa eta laguntza ere. Europa Language Grid laguntza-deialdira aurkeztutako Europa osoko 110 proiektuen artean hautatuetako hamarretako bat izan da Mycroft.eus, Espainia eta Frantziako eremu administratiboan bakarra.

Bozgorailu berriak erabiltzaileen pribatutasuna bermatuko du, eta genero-ikuspegia izango du txertatuta. Horrez gain, Elhuyarren ahotsaren ezagutza eta sintesia bozgorailuen domeinura egokituko da eta tokiko gaitasunak garatuko dira, euskarazko bozgorailuak Euskal Herriko albisteak, musika eta erosketak lehenetsi di-tzan.

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa