DONOSTIA - Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi duenez, lurraldeko adineko egoitzen egoiliarren artean egindako PCR probetan hiru COVID-19 kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduetan. Hiru positiboak Donostiako Julian Rezola egoitzan eman dira. Halaber, Donostiako Txara II zentroko pertsona bat zendu da azken orduetan koronabirusarekin eta bestetik, sei egoiliarek lortu dute gaixotasuna gainditzea.

Abuztuaren 11an pandemiaren bigarren olatua hasi zenetik, 77 egoiliar hil dira COVID-19aren eraginez lurraldeko egoitzetan eta 238k sendatu egin dira. Gaur egun, 160 dira Gipuzkoako adineko egoitzetan aktibo dauden positiboak.