Kiroldegiko jardueretan musukoa jarrita eramateko betebeharrak abonatuen kopurua jaistea eragin du azaroan. Hala ere, pandemia hasieratik nabaritu zuten bazkideen jaitsiera kiroldegietan, eta arrazoi nagusia beldurra dela dirudi.

Zumaian, adibidez, martxotik gaur egunera arte gutxitu egin da abonatuen kopurua Lubaki kiroldegian. Pandemia hasi zenetik 530 baja inguru izan dituzte, eta 160 pertsonek eman dute izena. “Normalean baino 370 bazkide gutxiago ditugu une honetan. Neurri berri bat ezarri orduko bazkideen jaitsiera berri bat etortzen zaigu”, azaldu dio egunkari honi Antxon Alberdik, Zumaiako Kirol Patronatuko arduradunak.

Orain 3095 bazkide ditu Lubaki kiroldegiak. “Gaur egun, kontuan izan behar da ezin dela, lehen bezala, kiroldegira bakoitzak nahi duenean etorri. Hitzordua hartu behar da, eta edukiera mugatuta dagoenez, horrek norberaren bizitzan eragina dauka”, zehaztu du Alberdik. Bere ustez, bazkide kopurua jaistearen arrazoi nagusia kiroldegira joatearen beldurra omen da. “Gizartean alarma piztu eta kiroldegiko aldagelak ez direla leku seguruak pentsatzen dute askok, nahiz eta guk segurtasun neurri guztiak oso zorrotz betetzen ditugun”, argitu du.

Hartutako garbitasun neurri guztien ondorioz, Zumaiako kiroldegi barruan ez da koronabirusarekin kutsatutako kasu positiborik egon, nahiz eta PCR frogan positibo eman duten pertsonak bertan egon izan diren lehenago. “Sei edo zazpi kasu jakinarazi dizkigute, zeinetan hemen egon eta 48 ordura bazkide horiek positibo eman duten. Baina positibo eman duen pertsona horrekin batera kiroldegian egondakoei PCR frogak egin dizkietenean, guztiek negatibo eman dute”, azaldu du.

Horrelako gauzak entzunda, kiroldegira joateko beldurra zabaltzen omen dela dio Alberdik: “Eremu itxia da, eta gaur egun ikasi dugu aire librean kirola egiteko aukera handia dagoela. Beraz, kiroldegian baino, askok nahiago izaten dute kirola kalean egin, lasaiago ibiltzeko”.

Betiko erabiltzaileez gain, kiroldegian jende asko ibili ohi da: ikastaroetara joaten direnak, kirol elkarteetan parte hartzen duten pertsonak eta baita eskoletako haurrak ere. Egoera normalean, 2018 eta 2019an adibidez, hilean guztira 11.400 pertsona inguru pasatzen ziren Lubakitik jende hori guztia kontuan hartuta. Gaur egun, erabiltzaileak soilik aintzat hartuta, 6.000 pertsona inguruk bisitatzen dute kiroldegia hilean. “Jaitsiera nabarmena da, nahiz eta ikastetxeek eta kirol elkarteek orain arte beraien jarduera normaltasunez burutu. Horrek ez du esan nahi guk lan gutxiago egiten dugunik, izan ere oso protokolo zorrotza baitaukagu martxan eta lehen baino dezente lan gehiago egin behar izaten dugu: hitzorduak hartu behar dira, etorri diren guztiak kontrolatuta izan eta ikastaro bakoitzeko garbiketaz gain, eskema bat ere egin behar da pertsona bakoitza non egon den jakiteko”, azaldu du.

Egoera konplikatu honen ondorioz, abonatuei prezioaren %70a kobratzea erabaki du Lubaki kiroldegiak, baldintzak orain desberdinak direla kontuan izanik.

antzizar kiroldegia

Beasaingo Antzizar kiroldegiko bazkideen kopurua ere jaitsi egin da pandemia garai honetan. Iazko urriko datuekin alderatuta, aurtengo urrian %22ko gutxiago dituzte. Une honetan, 4.800 bazkide ditu Antzizarrek. “Orain jendea ez etortzeko arrazoietako bat dutxaren erabilera galarazita egotea da; musukoa derrigorrez jarri beharra ere bai, baina uste dut dutxarenak pisu handiagoa duela”, azaldu du Karmele Alkaiagak, kiroldegiko koordinatzaileak.

Lehenengo konfinamenduaren ondoren zabaldu zutenetik, edukiera zainduta, dutxak eta aldagelak erabiltzeko aukera egon da bertan. Hala ere, azken neurrietan dutxak erabiltzea debekatu dute, eta pertsona batzuk arrazoi hori baliatu dute baja emateko. “Neurri hau hartu aurretik, mugakide ez ziren herrietako bazkideek eman zuten baja, ez baitzekiten noiz izango zuten itzultzeko aukera. Une honetan, dutxak eta musukoak dira baja emateko arrazoi nagusiak. Hala ere, neurrien arabera arrazoiak ere aldatu egiten dira”, zehaztu du Alkaiagak.

Hala ere, Alberdiren ildo bera jarraituz, aldatzen ez den arrazoi bakarra beldurra dela uste du berak ere. “Guk segurtasun neurri oso zorrotzak dauzkagu kiroldegian, baina jende askok beldurra sentitzen du gorputzean eta guk horren aurrean ezin dugu ezer egin, segurtasun neurriak behar bezala betetzea besterik ez. Beldurra, bakoitzak bere baitan duen sentimendua da eta arrazoi pisutsua da baja ematerakoan”, azpimarratu du.

donostia kirola

Donostia Kiroleko txartelaren abonatu kopurua ere jaitsi egin da, eta iazko urriarekin alderatuta, %3,7koa izan da jaitsiera aurtengo urrian -garai horretan 46.214 abonatu zeuden indarrean, eta iaz, aldiz, 47.993-. “Abonatuen jaitsiera, batez ere, urtero erregistratzen diren alta berrien kopuruak behera egin duelako gertatu da. Urrira arte 5.053 alta egin dira; 2019an, berriz, 7.458 izan genituen garai berean”, azaldu du Iñaki Iruretagoienak, Donostia Kiroleko Marketing eta Herritarren Arretako arduradunak.

Bere ustez ere, “kutsatzeko beldurra” da baja emateko arrazoi nagusia. “Hala ere, hilabete honetan egin dugun inkestaren arabera, abonatuen %80aren iritziz, Udalaren kirol instalakuntzak leku seguruak dira COVIDaren aurrean. Hala, inkestan parte hartu duten gehienek positibotzat jotzen dute edukieraren kudeaketa, musukoen erabilera, garbiketa eta higiene neurriak eta emandako informazioa”, azpimarratu du Iruretagoienak.