Unibertsitateko ikasturte berri baten hastapenarekin batera ikasle askok hirietara bizitzera joaten dira. Udazkenean ikasleek alokairuan hartzen dituzten etxebizitzak udaberrira arte egoten dira okupatuta, ikasturtea amaitu arte, alegia. Hala ere, aurreko kurtsoa bestelakoa izan zen. Martxoaren 14ean COVID-19a zela eta konfinamendua ezarri zenean, alokairuko etxeak utzi eta euren ohiko etxebizitzetara itzuli ziren ikasleak, itxialdia bertan pasa-tzeko asmoz. Nahiz eta euren etxeetan egon, batzuk alokairua ordain-tzen jarraitu behar izan zuten, ordea.

Jon Elizaldek eta Itziar Inzak, adibidez. Elizalde zumaiarra da, Ekonomia ikasten ari da EHUn eta hiru urte daramatza Bilbon alokatutako etxebizitza batean. Inza, berriz, donostiarra da eta Hizkuntza Modernoak eta Kudeaketa ikasten ari da Deustuko unibertsitatean. Aurten, Elizalderekin bizitzera joan da Bilboko pisura.

Konfinamendua iritsi zenean, Inza Erasmus egiten ari zen Alemanian eta ez zituen bere egungo pisukideak bizi izandako gorabeherak pairatu. “Martxoaren 12an, ostegunez, jakin genuen ikasleok WhatsAppez zabaldu ziren mezuen bidez konfinatu egingo gintuztela. Beraz, irakasleei abisatu eta etxera itzuli ginen egun horretan bertan”, azaldu dio egunkari honi Elizaldek.

Deustu auzoan bizi dira eta hilean 800 euroko alokairua ordaintzen dute; argia, ura eta gainerako gastuez aparte. Konfinamendua etorri zenean, etxearen jabeak ez omen zien alokairuari buruz ezer esan, eta Elizaldek eta bere pisukideek egin behar izan zuten kudeaketa guztia. “Esan genien egoera horretan alokairua jaitsi egin behar zigutela, baina beraiek etxean obrak egin zituztenez, aitzakia gisa erabili zuten; alegia, ordaindu beharreko gastuak zituztela”, esan digu zumaiarrak.

Jabeek amore ematen ez zutenez, WhatsApp bidez idatzi zien Elizaldek, berriz ere alokairua jaisteko eskatuz. “Eskola presentzialak bertan behera geratu zirela azaldu nien mezu horretan, eta ez ginela Bilbora itzuliko. Azkenean, bizitzen ari ginen egoera zela eta, ahalegin bat egingo zutela esan ziguten. Hileko ordainketa 600 eurora jaitsi ziguten, gainerako gastuez gain, maiatzerako eta ekainerako”.

Beraz, 600 euroko alokairuaz gain, gainerako gastu guztiak ere ordaindu egin behar izan zituzten bi hilabetez. Argiaren faktura, etxean inor ez zegoelarik, 45 eurokoa izan zen maiatzean, eta ekainean, berriz, 56 eurokoa. “Pentsatu genuen agian konpainiak duen minimo bat izan zitekeela, baina minimo bat hilabete batetik bestera 10 euro igotzea arraroa iruditu zitzaigun”, aitortu du Elizaldek.

Alemanian oso bestelako egoera bizi izan zuen Inzak. Estatu federala denez, estatu bakoitzak erabaki zuen pandemia egoera nola kudeatu. Donostiarra Baden-Wurtembergen zegoen eta bertan ez zuten “konfinamendu zorrotzik” ezarri. “Uneoro izan genuen kalera irteteko aukera. Hasieran binaka edo hirunaka irteten ginen kirola egitera edo paseatzera. Gauza asko ezin zitezkeen egin dena itxita zegoelako, baina batzuetan ibai ertzera joaten ginen garagardo batzuk hartuta, eta bertan egoten ginen. Horrelako gauzak egin zitezkeen”, azaldu du Inzak.

Erasmus egiten ari zenean egoitza batean bizi zen eta eraikuntzan pisu desberdinak zeuden. Berak pisua partekatzen zuen beste lagun batzuekin eta gustura zegoenez, ez zen itzuli. “Nik ez nuen aparteko arazorik izan, eta etxera itzuli behar izan zutenei dirua bueltatu zieten”, esan du.

Ikasturte honetan, eskolak nolakoak izango ziren “berandu” abisatu die unibertsitateak ikasleei eta “badaezpada” etxebizitza alokatzea erabaki dute. Elizaldek eskola guztiak presentzialak izango ditu ikasturte honetan, eta Inzak, aldiz, mistoak -online batzuk eta presentzialak besteak-.

Berriro konfinamendurik gertatuz gero, Bilboko etxean geratuko direla erabaki dute. “Ikasturte honetarako kontratua egin genuenean alokairuko etxearen jabeei galdetu genien ea klausula bat jarri genezakeen kontratuan berriro konfinatzen bagintuzten alokairua gutxiago ordaindu ahal izateko. Ezetz esan ziguten, eta berdin-berdin ordaintzen jarraitzekotan, hemen geratuko garela erabaki dugu”, adierazi du Inzak.

Zumarragako Unai Mateos Erizaintzako laugarren ikasturtea egitera joan zen Iruñera urtarrilean. “Aurrez Erasmus egiten egon ginenez, etxea urtarrilaren 15etik maiatzaren 15era bitartean egoteko lortu genuen. Azkenean, martxoaren 30era arte baino ez ginen egon”, azaldu du Mateosek.

Martxoaren 15ean hilabete osoa ordaindu zuten berak eta bere bi pisukideek -apirilaren 15era arte- ; eta etxera itzuli behar izan zutenez, ez zutela gehiago ordaindu beharrik izango pentsatu zuten. “Guk 800 euroko alokairua ordaintzen genuen, gastuez gain, eta pisuaren jabeari galdetu genion ea mesedez alokairua ordaintzeari utzi geniezaiokeen. Baietz erantzun zigun, ez zegoela arazorik, ulertzen zuela eta guztiok ondo egotea espero zuela”, esan du Mateosek.

Hasiera batean inolako arazorik ez zegoela zirudien arren, giltzak itzultzerako orduan guztia nahaspilatu zitzaien. “Berez, maiatzaren 15ean itzuli behar genituen giltzak, baina autonomia erkidegotik mugitu ezin ginenez, maiatzaren bukaeran joan ginen, Gradu Amaierako Lana bukatutakoan. Oraindik ezin ginen Gipuzkoatik irten, baina etxearen jabeagatik gaizki sentitzen ginen, eta giltzak itzultzeko eskatzen zigunez, hartu eta joan egin ginen”, azaldu digu.

Giltzak eraikuntza-enpresari itzuli zizkieten, eta fidantzari buruz galdetzerakoan, gestoreak esan zien emakumea etxea ikuskatzera joan ondoren abisatuko ziela. “Udan, artean ezer esan ez zigunez, guk galdetu genion emakumeari ea fidan-tzarekin zer gertatzen zen”, esan digu.

Emakumeak 800 euroko fidantza zor zien Mateos eta bere pisukideei. “Udan berarekin hitz egin genuenean, esan zigun etxea zikina zegoela eta ez zigula dirua itzuliko. Guk erantzun genion hori gezurra zela, izan ere, giltzak itzultzera joan ginenean etxea goitik behera garbitu baikenuen. Nire anaia ere etorri zen laguntzera”, azaldu du Mateosek.

Emakumeak esan zien ez zeudela kexatzeko moduan; alokairua barkatu ziela eta ezin ziotela ezer aurpegiratu. “Guk ez genuen ezertara behartu, berak barkatu zigun alokairua, bere erabakia izan zen. Guk eskatu egin genion eta berak onartu egin zuen. Gainera, hasieran berak garbiketarena aitzakiatzat jartzen bazuen ere, gero argi esan zigun hileroko ordainketa barkatu zigunez, ez zigula dirua itzuliko berak ere behar zuelako”, azpimarratu du.

Mateosen esanetan, emakumeak “mehatxu” ere egin zien, gainera. “Esan zigun nahi bagenuen fidan-tza itzuliko zigula, baina gauzak ondo egin beharko genituela, eta guk hileroko 800 euroak gehi gainerako gastuak ordaindu beharko genizkiola”, azaldu du. Bestalde, giltzak berandu itzultzeagatik ere salatuko zituela esan omen zien emakumeak, hori “kontratua haustea” zelakoan.

Azkenean, epaiketetan hasiz gero, galtzen aterako zirela ikusi zuten Mateos eta bere pisukideek, eta fidantzarik gabe geratzea erabaki zuten, emakumeak zor zizkien 800 euroak galduz.

Hala ere, zorionez, bada konfinamendu garaian alokairuaren jabearekin akordio egokia lortu zuenik ere. Uxua Aiestaran iruñarrak Donostian Gizarte Hezkun-tza ikasten du, EHUn. Easo kalean bizi da, eta iaz ere, konfinamendua iritsi aurretik, hantxe bizi zen beste bi pisukiderekin.

“Konfinamendua ezarri zenean, etxe-jabearekin hitz egin genuen eta akordio batera iritsi ginen. Esan zigun alokairua ordaindu egin behar genuela, baina gainerako gasturik ez. Beraz, betiko moduan 800 euroko alokairua ordaindu genion, baina gastuak aurreztu genituen berak ordaindu zituelako gure partez”, azaldu du Aiestaranek.

Ikasturte honetan, eskola guztiak presentzialak ditu, eta aste osoa Donostian ematen du iruindarrak. Irailetik ekainera arte sinatu dute Easo kaleko pisuan bizitzeko kontratua, eta bigarren konfinamendu bat iritsiz gero, alokairua ordain-tzeari utziko diote. “Etxearen jabearekin horrela adostu genuen kontratua sinatzerakoan”, esan du amai-tzeko Aiestaranek.

“Konfinamen-dua ezarri zenean, etxe-jabearekin hitz egin genuen eta akordio batera iritsi ginen”

Gizarte Hezkuntzako ikaslea Donostian

“Alokairuaren jabeak esan zigun hileroko ordainketa barkatu zigunez, ez zigula fidantza itzuliko”

Erizaintzako ikaslea Iruñean