- Gipuzkoako Foru Aldundiak nekazariei landatzeko moduko lurrak eskaintzen dizkie Nekazaritza Lurren Funtsaren bidez. Funts horrek dagoeneko hamabost hektarea lur erabiltzea sustatu du nekazaritza ekologikorako Lezon, eta beste hamabi hektarea abere-larreetarako eskaini ditu.

Foru Aldundiak atzo gogorarazi zuenez, COVID-19 pandemiak agerian utzi du "lehen sektoreak berebiziko garrantzia duela produktu eta lehengaien ekarpenean, ingurumenaren zaintzan eta eredu ekonomiko iraunkorrago baterako trantsizioan".

Hala ere, lursail erabilgarrien gabezia izaten da nekazaritzan eta abeltzaintzan profesionalki jardun nahi dutenek duten oztopoetako bat.

Arazo horri aurre egiteko eta jarduera horretan hasten laguntzeko, Aldundiak Gipuzkoako Nekazaritza Lurren Funtsa jarri zuen martxan. Funts horren bitartez, lurrak egokitu eta behar dituzten pertsonen eskura jartzen dira, lehen sektoreko proiektu profesionalak garatu ahal izateko.

Lur publiko gehienak Lezon daude, eta lurzoruaren lagapenak hamar urteko iraupena izaten du; une honetan, hamabi dira esleipendunak. Bakoitzak hektarea bat inguruko lursaila du, eta haren aprobetxamenduak langile laguntzaileak behar izaten ditu ekoizpen eta merkaturatze-lanetarako.