DONOSTIA. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia Zelatun enpresak Albizturren duen egoitzan izan da asteazken honetan, non konpainiak bere instalazioen zati bat berritu duen maskarak ekoiztea helburu duen negozio unitate berri bati ekiteko. Olanok, gutun-azalak egiten espezializatua dagoen familia-enpresa horrek egindako inbertsio garrantzitsua in situ ezagutu ondoren, lurraldeko enpresa txiki eta ertainekiko (ETE) duen "erabateko konpromisoa eta hurbiltasuna" berretsi du, "lehiakortasuna, berrikuntza eta izaera ekintzailea" zigilu duen Gipuzkoako enpresa ereduaren aldeko apustuari "eustera" dei eginez.

Markel Olanok, Ekonomia, Turismo eta Landa Inguruneko diputatu Imanol Lasarekin batera, bilera egin du enpresa albizturtarreko zuzendaritzan diharduen bigarren belaunaldiarekin, Julen eta Jon Tejeria Elola anaiekin, hain zuzen ere, bai eta enpresaren sortzailearekin ere, Julian Tejeriarekin. COVID-19aren pandemiaren ondorioek markatutako egungo egoera ekonomikoa aztertu dute elkarrekin, enpresak egindako inbertsioen berri izateaz gain.

"Gure enpresek egoera zaila bizi dute, eta, horregatik, gure borondatea eta konpromisoa berretsi nahi dugu, beren beharretatik eta errealitatetik inoiz baino gertuago egoteko. Gipuzkoako enpresa berritzailea da, mundura irekia, ekintzailea, sustraitua eta enplegu duina sortzen duena. Eredu hori babesteko unea da", nabarmendu du diputatu nagusiak. Horregatik guztiagatik, Olanok azaldu du Aldundia lanean ari dela ehun ekonomikoaren premia "larrienei" erantzungo dieten neurriak hartzen jarraitzeko eta, era berean, lehiakortasunera, parte-hartzera eta berrikuntzara bideratutako laguntza lerroei eusteko.

Diputatu nagusiak Zelatun bezalako enpresen lana goraipatu du; izan ere, "oztopoz beteriko testuinguru batean", inbertitzen, ekiten eta beren jarduera dibertsifikatzen ari dira, gisa horretan "aktibitatea eta enplegua ahalik eta gehien” mantenduz eta etorkizunera begira "posizionamendua eta lehiakortasuna" indartuz. "Enpresek gure gizarteari egiten dioten ekarpena islatzen du haien ahaleginak, ongizate eta enplegu sortzaile gisa", adierazi du. Gainera, Gipuzkoako industria COVID-19ren aurkako borrokan egiten ari den ekarpenagatik "esker ona eta errekonozimendua" agertu du.

Adierazi duenez, "konpromiso kolektibotik" soilik lortuko dugu "jarduera ekonomikoari eustea, eta, horrela, ahalik eta enpresa eta enplegu gehien" sostengatzea, langabeziari eta desberdintasunen hazkundeari "galga" jarriz. Ildo horretan, lurraldeko ETEen ekarpena nabarmendu du -horietako asko familia enpresak dira- ditu, lurraldeko ekonomia ehunaren % 90 baino gehiago baitira; horregatik, "elkarlanera" deitu du, gure industriaren "egungo eta etorkizuneko jasangarritasuna" bermatzeko.

Diputatu nagusiak gogorarazi du Gipuzkoako Suspertze Ekonomiko eta Sozialerako Plana aktibatu duela Foru Aldundiak, neurri eta programa sorta oso bat jasotzen duena, guztira 28 milioi euroko inbertsioarekin. Dagoeneko 500 enpresa baino gehiago, ETE, autonomo, elkarte, erakunde eta eragile baino gehiagorengana iritsi dira laguntza zuzenak, eta 10.000 lanpostu baino gehiagotan eragin dute. Halaber, enpresen likidezia handitzeko eta ekonomia suspertzeko Ogasunetik egiten ari den ahalegina azpimarratu du Olanok.

"Arriskuak eta aukerak dibertsifikatzea"

1981ean sortu zuten Zelatun Julian Tejeriak eta Jose Angel Rezolak, Zizurkilgo tailer batean, kalitate gorena lortzea eta bezeroekiko zuzeneko tratua xede. Gaur egun, berrogeita hamar bat langile ditu, eta 6.000 metro koadroko lantegia du Albizturren. Juliani Jon eta Julenen semeek hartu diote lekukoa Zelatunen zuzendaritzan eta enpresa modernizatzeko azken prozesua bultzatu dute, beti ere beren nortasun-ezaugarriei eutsiz: espezializazioa, lana eta produktuaren bikaintasuna.

Balio erantsi handiko produktuen aldeko apustu horretan, Zelatunek bere katalogoan 260 gutun-azal eta mota ezberdineko poltsa estandar ditu. Hala ere, urtero, neurrira egindako 2.500 modelo inguru ateratzen dira lantegitik -paper-mota bereziak, inprimaketa-teknika desberdinak, estandarizatu gabeko formatuak, etab.-, eta eremu horretan espezializazio- eta berrikuntza maila handia lortu dute, e-commerce delakoaren gorakadak hauspotuta.

Apirilean hartu zuten maskarak egiteko erabakia, pandemiak bete-betean jo gintuenean, Europan bizitako osasun materialaren "gabezia" eta Txinarekiko "menpekotasuna" ikusita, Julen Tejeriak azaldu duenez. 400 metro koadroko eremu bat egokitu eta makineria instalatu ondoren, uztailean FFP2 maskarak ekoizteari ekin zioten. Maskara horien fabrikazioa abuztuaren erdialderako “errendimendu betean" zegoen eta, gaur egun, 18.000 maskara ekoizten dituzte egunero. Kopuru hori bikoiztu egin nahi dute laster.

Zeregin horretarako sortu dute, gainera, Teelmask enpresa -egungo zuzendarien aitari eta amari, Tejeria eta Elolari, omenaldia egin nahi izan diote horrela-, zeinaren markarekin merkaturatzen baitute osasun materiala. Teelmask Gipuzkoako lehen enpresa da FFP2 maskarak ekoizten, Estatu mailan bakarrenetakoa. Negozio berri hori abiarazteak lau lanpostu berri sortzea ekarri du eta, aldi berean, Zelatungo lantegian enplegu osoa mantentzea.

Hasierako inbertsioari (500.000 euro) IIR maskara kirurgikoak egiteko makineriaren instalazioa gehituko zaio udazken honetan; horretarako, 1,8 milioi inbertitu dituzte Alemaniako fabrikazio makina indartsu batean, Europan instalatutako mota horretako bigarrena. Horrekin, egunean 840.000 unitate ekoizteko gaitasuna lortzea aurreikusten du Teelmask-ek. Era berean, urte amaieran FFP3 maskarak fabrikatzeari ere ekingo diote, produktu "fidagarria eta kalitatezkoa" merkaturatzeko premisatik abiatuz.

Julen Tejeriak azaldu duenez, osasun-produktuak merkaturatzeko erabakia "arriskuak eta aukerak dibertsifikatzeko" estrategiaren ondorio izan da, digitalizazio-prozesuak bizkortu daitezkeen eta Zelatungo negozio tradizionalari eragin diezaiokeen testuinguru batean. "Maskarak egitea eta paperezko gutun-azalak ekoiztea ez dira gauza bera, baina antzekotasun asko dituzte, batez ere ehunak mozteari eta tolesteari dagokionez, baita horiek inprimatzeko orduan ere", zehaztu du enpresako zuzendariak.