- Aurten Sagardoak elkartzen gaitu ekimenaren bigarren elkarlaneko ekintzak segutarsuna dela eta egin ezin daitezkeenez, udazkena birplanteatu eta irailean zehar kanpaina bat jarriko dute martxan Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak. Kanpaina horren bidez, bezeroek sariak eskuratzeko aukera izango dute Euskal Sagardoa Jatorri Deituko botilak kontsumitzen dituztenean.

Irailean ospatu izan ohi dira Donostiako Sagardo Eguna, Ordiziakoa eta Euskal Herriko Txapelketa Herrikoia ekimenak. Aurten pandemiaren ondorioz horretarako aukerarik ez dagoenez, ekitaldi horiekin lortu nahi zituzten helburuak aztertu eta proposamen berri bat plazaratu dute. Aurtengo kanpainan izena eman duten 40 taberna eta jatetxek hartuko dute parte, Gipuzkoan zehar banatuta.

Irailaren 26ra arte, bezeroek aukera izango dute hilabete honetan zehar parte hartzen duten taberna eta jatetxeetan Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako botilak kontsumitzean sariak eskuratzeko.

Bezeroek euskal sagardo botila eska-tzen dutenean txarteltxoak jasoko dituzte. Txartel horietan saririk ba ote den begiratu beharko dute lehenengo, eta edozein kasutan, sarituak izan ala ez, beren emaila idatzi eta kutxa batean sartu beharko dute. Txartela kutxan sartu duten bezero guztiek jasoko dute sariren bat idatzita utzi duten emailean. Oparien artean daude ice bagak, kamisetak, edalontziak, deskontu baleak, kortxo-kentzekoak, esperientziak eta sagardoak dastatzeko kopak, besteak beste.

"Beharrak eta nahiak uztartuz, proposamen hau egin dugu: sagardoa izan dadila elkartzen gaituena. Hala, sagardoaren irrika berreskuratzen dugu, gure establezimenduek eskaintza bereziak egin ditzakete eta bezeroek aukera polit bat izan dezakete sagardo botila berriak dastatu eta ezagu-tzeko", adierazi zuten atzo antolatzaileek.

Tabernak eta jatetxeak kanpainaren parte direla adierazteko hainbat modu egongo dira, hala nola, sarrerako hiruki handia edota Sagardoaren laguna pegatina. Dena den, QR kode bat ere sortu dute parte hartzen duten taberna guztien zerrenda eguneratua euren webgunean izateko.

Donostiako Sagardo Egunari omenaldia egin nahi izan zioten atzoko ekitaldian eta horretarako, sagardogileen lana plazara ekarri zuten. Erakustaldian sagarrak bildu, jo eta zanpatu eta lehen muztioa nola egiten duten erakutsi zuten sagardogileek.

Egun hauetan sagardoa ekoizten hasiko dira sagardogileak, uzta berriari heldu eta datozen hilabeteetan zehar sagardo berria egiteko. "Aurtengo uzta iazkoa baino txikiagoa espero dugu kopuruz, baina kalitate handikoa", nabarmendu zuten.

Urte sasoi hau sagardotegietan bisita gidatuak egiteko ere "polita" dela azpimarratu zuten. Bertan sagardoa nola egiten duten ikusteaz gain, prozesu osoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izaten da. Bisita sagardotegian otordua eginez borobiltzeko aukera eskaintzen dute eta nahi duenak, asteburu pasa ere egin ahal izango du bertako landa hoteletan. Bisita gidatuei buruzko informazio guztia www.sagardoa.eus webgunean eskuratu daiteke.

Sagardotegi batzuk hasi dituzte sagar bilketa lanak eta iraila bukaeran hasiko dituzte gainerakoek. Urtarrila aldera dastatu ahal izango da txotxean 2020ko uzta berria eta udaberritik aurrera izango dira botilan.