- Frantziako Estatuko hamabi milioi gaztetxo pasa ikastegietara itzuliko dira gaurtik, hauen artean, Ipar Euskal Herriko ehunka haur. C

Izurritearen eraginak mugatua izaten segitzen duen arren Ipar Euskal Herrian, Hervé Jonathan Frantziako gobernuak Baionan duen ordezkariak ohartarazi du egoera okertzen ari dela. "Egunero bi positibo baizik ez genituen ekainean baina orain zenbait aldiz hogeita hamar bat kasu agertzen zaizkigu eta gaixo batzuk erietxeetan artatu behar ditugu. Halere, oraingoz ez dago inor suspertze zerbitzuetan". Ordezkariaren hi-tzetan ezinbestekoa da derrigorrezkoa ez den maskara ahal bezainbat janztea eta probak maiz egitea, oporretatik itzultzean bereziki.

Lapurdiko kostaldeko gune jendetsuenetan musukoa eramatea derrigortzen duen dekretua iraila bukaera arte indarrean dagoela zehaztu du Hervé Jonathanek. Azken egunetan, hainbat kasu agertu dira, besteak beste, Baigorri eta Donibane Lohizuneko bi enpresa eta opor gune batean. Joan den udaberrian hamahiru lagun hil ziren Baionako ospitalean eta gutxienez bi zuberotar Pauekoan. Olivier Véran Frantziako osasun ministroak baztertu du martxoan bezalako itxialdi osoa berriz agintzea. Véranek dio gaur egun 29.000 paziente artatzen ahal dituztela susper-tze zerbitzuetan.

Udaberriko egun zailenetan, 7.000 lagun zeuden sail horretan. Bestalde, izurriteak krisi ekonomiko larria eragin du Bidasoa iparraldean ere, larriena Bigarren Mundu Gerra bukatu zenetik. Hazparne aldeko Lauak enpresa aeronautikoak, adibidez, lau langiletik bat kanporatuko du udazkenean negozio zifra %40 apaldu zaiolako. Sail berean ari den Angeluko enpresa batek 60 langile kanpo emanen ditu ere. Egoerari aurre egiteko, Frantziako gobernuak 100 mila milioi euroren plana aurkeztuko du datorren ostegunean, 2008ko krisian mahai gainean eman zuen halako lau hain zuzen.

Bertan behera gelditzen ari diren ekitaldien zerrenda gero eta luzeagoa da: Herri Urrats, Ezpeletako piper azoka, herrietako hainbat lasterkaldi. Igandean, halere, pazko astelehenez ospatu ohi den Sarako idazleen biltzarra egingo dute Larrun mendi magalean dagoen Lapurdiko herri horretan.

"Ekainean egunero bi positibo genituen; orain hogeita hamar bat kasu agertzen zaizkigu"

Gobernu ordezkaria