Juan Carlos I. etorbidea, orain Martxoak 8

07.08.2020 | 18:22

GASTEIZ. Gasteizko Juan Carlos I. etorbideari izena aldatu dio Udalak. Hala, atzotik hasita, etorbidearen izen berria Martxoak 8 izango da. Gasteizko alkate Gorka Urtaranen hitzetan, "Gasteizko emakume askok merezi dute aitortza hori, gure aurrerabidean eta ongizatean ekarpen handia egin dutelako".

Hiri batek pertsona bati eman diezaiokeen errekonozimendu handienetako bat bere kale, plaza edo espazio publikoko beste leku bati bere izena ematea da. Gasteizko Udalak, kale izendegian, hainbat arrazoi direla eta, jarraitu beharreko adibidetzat hartzen dituen balioak eta printzipioak ordezkatzen dituzten pertsonei eskainitako kale ugari ditu. Hainbat esparru eta diziplinatako figurak dira, eta, portaera eredugarriaren eta gizarteari eskainitako dedikazio nabarmenaren bidez, gure hiria ezagutarazten, aurrera egiten eta guztion onerako lan egin dute pertsona horiek. Horregatik guztiagatik, erreferentzia dira gainerakoentzat, harro egoteko eta Gasteizko herritar guztiek aintzat hartzeko arrazoi.

Aldi berean, azken hilabeteetan, balio eta printzipio horiekiko errespetua zalantzan jartzen duten hainbat informazio ezagutu dira Juan Carlos I.a errege emerituaren inguruan, zeinak Gasteizko etorbide garrantzitsu bati izena ematen zion gaur arte. Ildo horretan, aipatzekoa da martxoaren 15eko Erregearen Etxearen komunikatua. Bertan, egungo errege Felipe VI.ak, "Koroaren eredugarritasuna babesteko helburuarekin", uko egiten dio bere aita Juan Carlos I.arengandik legokiokeen jaraunspenari, bai eta edozein aktibo, inbertsio edo finantza-egiturari ere, baldin eta haien jatorria, ezaugarriak edo helburua "legezkotasunarekin edo zuzenbide-irizpideekin bat ez badatoz". Gainera, Juan Carlos I.ak Erregearen Etxearen aurrekontuan finkatuta zuen diru-kopurua kentzen zela jakinarazten zen.

Egoera horiek guztiek agerian uzten dute Juan Carlos I.aren eredugarritasuna zalantzan dagoela, beste erakunde eta instantzia judizialek behin eta berriz adierazi duten bezala. Hiri onek ezin du, eta ez du nahi, horri guztiari arrotz izan. Eta horregatik, eta hirian kale bat duten pertsonek izan behar dituzten balioak babesteko, Juan Carlos I etorbidearen izena aldatzea erabaki du alkateak, eta erabaki horren berri eman dio gaur goizean Udaleko bozeramaileen batzordeari.

Erabaki hori hartzeko, Gorka Urtaranek kontuan hartu du, alde batetik, Udalbatzak aho batez onartu zuela ekainaren 19ko osoko bilkuran herri-txandak aurkeztutako mozio bat, kale izendegian emakume gehiago egotearen aldekoa. Bestetik, emakumeak aintzatestea eta berdintasun-politikak bultzatzea Udal Gobernu honek bete nahi duen konpromisoa da, etorbide horren izena aldatzea bezalako neurriekin.