DONOSTIA. ​Zaintza eta Alerta Sistemaren funtzionamendua azaltzeko, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak prentsaurrekoa eman du gaur goizean Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuarekin batera. Gipuzkoako zerbitzu eta baliabide sozialetan COVID-19ri aurre egiteko abian jarritako Txoke Planaren barruan kokatzen da, aktibo dago, eta birusaren hedapena denbora errealean zaintzea eta gizarte baliabide eta zerbitzuak indartzea ahalbidetuko du. Olanok azaldu duenez, egungo egoerak “neurriak gero eta gehiago zorroztea” eskatzen du “erantzun azkar eta eraginkorra” bermatzeko, eta horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundia etengabeko lana egiten ari da osasun krisia hasi zenetik prebentzioan, eustean eta jarraipenean.

Lan hori zaintza eta alerta sistema iraunkor batekin indartu da orain, eta zazpi neurri zehatz ditu: prebentzio-planak berrikustea, PCR probak masiboki egitea, babes-elementuak banatzea, ikuskapenak indartzea, Prestakuntza Plan Integral bat osatzea, sareko zentroetan prebentzio-neurriak indartzea, eta baliabideak egokitu eta irekitzea.

Markel Olanok, lehenik eta behin, Osasun Sailarekin, Osakidetzarekin, udalekin, erakundeekin, hirugarren sektoreko eragileekin eta baliabideen arduradun-taldeekin ezarritako lankidetza eta koordinazio estua baloratu du, "osasun krisiaren ondoriozko egoerei erantzun korala emateko garaian funtsezkoa eta etengabea" dela esan baitu. Gipuzkoan agertzen ari diren azken berragerraldiei dagokienez, diputatu nagusiak azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundia etengabe ari dela lanean osasun-agintariekin eta tartean dauden udalekin, gizarte-zerbitzuen egoeraren jarraipen zehatza eta denbora errealean egiteko.

Diputatu nagusiak "oroitzapen zintzoa eta hurbila" izan du COVID-19ren biktimen eta gaixotasuna duten pertsonen inguruan. "Gizarte gisa pandemiaren lehen kolpeari aurre egin genion, elkartasunetik eta konpromiso komunitariotik abiatuta, kolektibo ahulenak babestuz. Agerraldi berriek birusa berriro ere gure artean dabilela gogorarazten digute eta ezin dugula guardia jaitsi", azaldu du, egungo testuinguruan egoitzak eta eguneko zentroak Aldundiaren "lehentasun nagusia" izaten jarraitzen dutela azpimarratu ostean. "Asko kezkatzen gaitu kutsadurak adineko pertsonengana iristeak. Horregatik, erne jarraitzeko unea da, arlo guztietan prebentzioa eta jarraipena indartzen jarraitzeko unea", gaineratu du.

Jakinarazi duenez, gaur egun adinekoen egoitzek "COVID-19tik libre" jarraitzen dute, hartutako prebentzio neurrien eraginkortasunari eta langile guztien lanari esker, baina "prebentzio eta segurtasun neurriak lantzen eta zorrozten" jarraitzeko deia egin du, kasu positiborik gabe jarraitu ahal izateko. Hori dela eta, Zaintza eta Alerta Sistemak "uneoro zer gertatzen den jakitea eta beharrezko neurriak hartzea" du helburu. Sistema horrek osatu egin ditu martxoan abian jarritako Txoke Planean jasotako eta txertatutako neurriak, pandemiak gizarte zerbitzuetan dituen ondorioei aurre egiteko.

"Une oso delikatua bizi dugu. Erabiltzaileen senitartekoen konpromisoa eskertu eta aitortu nahi nuke, haien ulermenagatik eta laguntzagatik", adierazi du diputatu nagusiak, eta Gipuzkoako gizarteari “banakako erantzukizunetik eta konpromiso kolektibotik” jarduten jarraitzeko deia egin dio. "Elkartasunetik jarduten jarraitu behar dugu, guztiok elkar lagunduz. Arduratsuak izateak eta guztion ongizatea bultzatzeak esan nahi du maskara uneoro jantzita izatea eta segurtasun neurriak betetzea; maskara jartzeak bizitzak salbatzea esan nahi du", adierazi du.

Bestalde, Maite Peña diputatuak zaintza eta alerta sistema zertan datzan azaldu du, eta egiten ari den lan guztia "prebentzioaren sustapenean" oinarritzen dela gaineratu du. Horretarako, zentro eta baliabideen prebentzio eta kontrol neurri guztiak ebaluatu eta aztertzeaz gain, hainbat neurri hartu dira "erabiltzaile eta langile guztien ongizatea bermatzeko, uneoro prebentzioa sustatuz eta COVID-19ak lurraldeko gizarte-baliabideen sarean duen eragina murrizteko ahalegin guztiak eginez".

"Sare osoa erne dago eta Aldunditik egunero egiten dugu jarraipena, beharrezko neurriak eta baliabideak koordinatzeaz gain", gehitu du Maite Peñak. Hartutako neurri guztiak eta egiten ari den lana "prebentzioaren, eustearen eta koordinazioaren" arloko araudi partekatu baten arabera egiten da eta foru-agindu batean jasota dago. Zentzu horretan, baliabideen prebentzio-protokoloak eta euste planak etengabe berrikusten dira, eta "orain arte 150 prebentzio-plan errepasatu dira", azaldu du Peñak.

Bestalde, eta "prebentzio-lanean funtsezkoa" dena, Gipuzkoako Foru Aldundia PCR proba "masiboak" egiten ari da adinekoen egoitzetan, baita desgaitasuna duten pertsonen eta adinekoen eguneko zentroetan ere. Gaur arte, 1.500dik gora egin dira egoitzetan, eta 1.288 baino gehiago eguneko zentroetan. Zaintzarako talde espezializatu bat ari da lan horretan, erizainez eta DYAko profesionalez osatuta dagoena, eta haiek hartzen dituzte laginak. "Oso lan garrantzitsua da; izan ere, detekzio goiztiarrik gabe, zein egoeratan gauden jakin gabe, ezin da neurri egokirik hartu eta, beraz, oso zaila da COVID-19ren hedapenari aurre egitea". Ildo horretan, diputatuaren esanetan, osasun agintariekiko lankidetza etengabea da, "beraiek baitira baieztatutako kasuen, susmagarrien eta kontaktuen jarraipena egiten dutenak. Guk egiten duguna lan osagarria da, eta oso lagungarria gertatzen ari da".

Babes elementuak eta materiala hornitzea eta banatzea da beste "oinarrizko" prebentzio-neurrietako bat. Peñak azaldu duenez, osasun krisia hasi zenetik eta uztailera bitarte, Gipuzkoako Foru Aldundiak guztira 2.600.000 elementu banatuko ditu gizarte baliabide eta zerbitzuetan, eta 800.000 elementu inguru erabili ziren "pandemiaren unerik txarrenetan". Gainera, prebentzio-neurri gisa, sareko zentro guztiei babeserako 1.800.000 elementu inguru banatu zaizkie, horien artean 900.000 maskara kirurgiko eta FFP2, sareko edozein zentrotan sor daitezkeen kasu susmagarriak artatzeko erreserbako stocka osatuko dutenak. "Horretan jarraituko dugu, baliabideetan kasu positiboak areagotuz gero beharrezkoa den materiala erreserban dugu egun, eta egoitza-zentroek ere segurtasun stocka dute, gutxienez bost asterako".

Gaineratu du, Aldundiak ikuskapen-zerbitzua indartu duela -133 egin dira martxotik hona-, suhiltzaileen foru-zerbitzuaren bidez desinfekzio-lanak egiten jarraitzen da, eta zentroetako langileei zuzendutako Prestakuntza Plan Integrala lantzen ari da. Plan horren helburua osasun-prebentzioaren arloan taldeak indartzea izango da, eta plantilla osatzen duten pertsona guztiei zuzenduta egongo da.

Bestalde, eta Gipuzkoako lurraldeak COVID-19aren eraginez bizi duen egoerari erreparatuta, diputatuak gogorarazi du joan den astetik prebentzio-neurriak areagotzen ari direla adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan, "euren ongizatea zaintzeko eta bermatzeko" eta, horregatik, hainbat udalerritan, hala nola Ordizian, Beasainen, Lazkaon, Zumarragan, Seguran, Legazpin, Tolosan, Getarian eta Zarautzen, egoiliarren irteerak eteteko eta eguneko zentroak ixteko erabakia hartu da. "Egoitzen kasuan, bisitak prebentzio-neurri guztiak zorroztuz egiten jarraitu daiteke, eta eguneko zentroei dagokienez, bertako langileek jarraipena egiteko eta etxeko arreta indartzeko lanean ari gara, Beasainen egiten ari garen bezala, adibidez".

Zaintza eta Alerta Sistemaren beste zutabeetako bat zentro eta baliabide berriak egokitzea eta irekitzea da. Zentzu horretan, Maite Peñak gogorarazi du gaur egun 150 plaza libre daudela adinekoen egoitzetan, eta horrek aukera emango lukeela isolamenduak eta berrogeialdiak segurtasun handiagoz egiteko. Eibarko Ospitaleko solairu soziosanitarioan ere beste 24 plaza daude egoitzetan sartu aurretik berrogeialdiak egiteko. Halaber, solairu horretan bertan, unitate bat ere gaitu da adineko pertsonen egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko.

Beste alde batetik, gizarteratze-baliabideetan gertatzen diren COVID-19 kasuei arreta emateko, aurreko hilabeteetan gaitutako zentroak egungo premietara egokitu dira, eta, 14 plaza bideratu dira COVID-19n positiboak diren sareko pertsonei arreta emateko, beren baliabidean artatu ezin direnak eta asistentzia medikurik behar ez dutenak.