- Adingabe transexualen "igarotze-prozesuaren garrantzia" azpimarratu dute UPV/EHUko ikertzaileek, haien garapen psikosozial egokirako. Gainera, ikerketa batean egiaztatu dutenez, amek gehiago babesten dituzte aitek baino, bai prozesu horren aurretik, bai ondoren ere.

Horiexek dira euskal unibertsitate publikoko ikertzaile talde batek egindako azterlan baten lehen zatiko ondorioetako batzuk, "igarotzea egin duten adingabeen errealitateari" buruz -organo genitalen arabera jaiotzean esleitu zitzaien sexutik, beraiek sentitu edota hautemandakorako igarotzea, alegia- ; ikerketa hau prozesuaren aurretik eta ondoren egin dute, eta familia, eskola eta gizarte inguruneak aztertu dituzte.

Bi urtetik aurrera adingabe bat zein sexurekin identifikatzen den adierazteko gai izan daitekeela gogoratu dute EHUko ikertzaileek. Haien arabera, "esan eta adierazten dutenari jaramon eginez gero, beraien sexu-identitatearen arabera bizitzeko igarotze-prozesu bat has daiteke". Aldiz, identitate hori "onartzen eta babesten ez bada", ondorioak "lazgarriak" izan daitezke, eta jazarpena, indarkeria, diskriminazioa eta bazterketa jasan dezakete, estigma soziala eta eskolakoa pairatzeaz gain.

Ikerketaren lehen zati honetan 335 pertsonak hartu dute parte: batez beste hamalau urte dituzten 57 nerabek, 3 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteen 229 gurasok eta 49 eskola-tutorek.

Emaitzek erakusten dutenez, "amaren babesa nabarmentzen da, igarotze-prozesuaren aurretik eta ondoren; aitaren aldetik, txikiagoa da". Aitak, askotan, "esplizituki ukatzen du semearen nortasuna" prozesu horren aurretik.

Hala ere, ikerketaren arabera, "behin prozesu hori eginda", adingabe transexualek "familiaren babes handiagoa sumatzen dute, eta ez dira aitarengandik hain aparte sentitzen". Lagunen babesa ere nabarmentzekoa da une horretan eta garbi frogatu da, baita ere, "ikaskideengandik babes handiagoa sumatzen dutela eta eskolan jasandako jazarpena gutxitu egiten dela".

Ikerketak erakusten duenez, behin aldaketa eginda, adingabeak "ez dira hain deprimituta sentitzen, eta euren buruarekin seguruago agertzen dira"; hori horrela izanik, murriztu egiten dira auto-lesio edo suizidio-ahaleginak, baita antsietatea eta uzkurtasuna ere.

Gainera, gurasoek ere "seme-alaben etorkizunarekiko larritasun eta beldur txikiagoa erakusten dute" behin igarotzeko prozesua egin ondoren, dagoeneko borondatezkoa duten identitate horrekin ikusten baitituzte, ez jaiotzean tokatu zitzaienarekin.