alerta mundial por el coronavirus

Baserritarren lana baloratzeko une aparta

06.05.2020 | 00:08
Euskal gizarteko pertsona ezagun askok babestu dute ENBAk martxan jarri duen '#funtsezkoakzarete' kanpaina. Argazkia: Enba

enba nekazal elkarteak baserritarren garrantzia aitortzeko sentsibilizazio kanpaina bat abiarazi du interneten

Elikagaiak ekoizten dituzten baserritarren lana funtsezkoa izan da koronabirusaren ondorioz ezarritako alarma egoeran zehar herritarrak jakirik gabe ez geratzeko. Nahiz eta jende asko itxialdian lanera joan ezinik geratu den, baserritarrek ohi bezala jarraitu dute euren produktuak ekoizten eta saltzen.

Horren ondorioz, baserritarrek jendearen babesa eta aitortza jaso dituzte, izan ere, euren esku zegoena egin baitute egoera berrira egokitu eta kontsumitzaileengana heltzeko. Orain ordea, itxialdia pixkanaka arintzen ari den honetan, baserritarrek alarma egoeran jaso duten aitortzak jarraipen bat izatea nahi dute. Horregatik, ENBA nekazal elkarteak sentsibilizazio kanpaina bat jarri du abian.

Baserritarrek ekoizten dituzten elikagaien kontsumoa eta haiekiko begirunea alarma egoera amaitzen denean ere mantentzea da kanpaina berri honen helburua. Leloa #funtsezkoakzarete da eta sare sozialetan traola hori erabiliz, herritarrek baserritarreko atxikimendua erakusten duten mezuak, argazkiak eta bideoak partekatzea da kanpainaren funtsa.

babes handia Ekimenak euskal gizarteko hainbat pertsona ezagunen babesa jaso du; besteak beste, Porrotx pailazoa, A Bocados sukaldaritzari buruzko ETB2ko saioa, Eneko Atxa, Javi Sierra eta Roberto Ruiz sukaldariak, Karmele Jaio eta Toti Martinez de Lezea idazleak, Iker Irribarria eta Iñaki Artola pilotariak, Athletic-eko Eunate Arraiza eta Errealeko Aihen Muñoz futbolariak, BCCko Joxemari Aizega, Xabier Euzkitze, Iker Galartza aktorea, Dani Álvarez, Begoña Beristain, Aitor Buendia, Pili Kaltzada eta Joseina Etxeberria kazetariak eta Julian Ian-tzi aurkezlea izan dira kanpaina babestu dutenak.

Hala ere, prentsa ohar batean ENBAk adierazi duenez, orain "gizarte osoaren babesa" lortu nahi dute. Kanpaina martxan da dagoeneko, beraz, animatu zaitezte baserritarrei zuen atxikimendua erakustera.