- Laugarren egunez jarraian, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan ez da koronabirusarekin kutsatu berririk atzeman. Eider Mendoza bozeramaileak atzo emandako azalpenen arabera, azken bi egunotan heriotza bakarra izan da, eta beste 32 egoiliarrek gaixotasuna gainditzea lortu dute. Gipuzkoako egoitza-sarean guztira 5.425 pertsonentzako leku daude 65 zentrotan banatuta.

Azken orduetan zendu den pertsona Donostiako La Paz egoi-tzan bizi zen, eta medikuaren alta jaso dutenak berriz, Donostiako Berran (28), Zumarragako Argixaon (2), Zarauzko Santa Anan (1) eta Beasaingo Arangoitin (1). Azken egoitza hori, Arangoiti, COVID-19tik libre geratu da, diagnostiko positiboa zuen azken pertsona sendatu egin baita. Beraz, 14 zentro dira Gipuzkoan COVID-19ren kasu aktiboak dituztenak.

Orain arte, guztira 271 adinekok gainditu dute gaixotasuna, gaixoen %49,5k; 162 hil egin dira. eta 115ek positibo ematen jarraitzen dute. Gaur egun, 24 pertsona Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan daude, eta beste 25 ospitalean.

Mendozak gogora ekarri nahi izan duenez, azken egunotan adinekoen egoitzetan egoera "nabarmen" hobetzen ari bada ere, "oso garrantzitsua da prebentzio eta segurtasun neurri guztiak zorrotz mantentzen jarraitzea". Amaitzeko, eta ildo horretan, "egoitzetako talde profesionalek, osasun-langileek zein familiek, egunero eta etenik gabe " egiten jarraitzen duten lana eskertu nahi izan du.