- Hiru pertsona atxilotu zituen atzo goizaldean Ertzaintzak Donostiako Amara auzoko lokal batean marihuana eta haxixa atzeman ostean; gainera, atxilotuak ez ziren koronabirusaren ondorioz ezarritako konfinamendua betetzen ari, Ertzaintzak aditzera eman zuenez.

Goizaldeko 2.30ean Donostiako Ertzain-etxeko agenteak Amara auzoan patruilatzen ari zirela, lokalen gune batetik zetorren musika eta zarata entzun zituzten. Beraz, bertara jo zuten norbait COVID-19aren ondorioz ezarritako konfinamendu araua hausten ari zela baieztatzeko.

Musika eta oihuen jatorria atzeman zutenean, ertzainek 27, 25 eta 19 urteko hiru pertsona aurkitu zituzten lokal horretan. Horrez gain, hiru balantza, plastikozko fardelak eta prentsatutako sustantzia marroi bat atzeman zituzten, "dirudienez haxixa", zehaztu zuen Er-tzaintzak. Bestalde, lokaleko sofaren eta paretaren artean ezkutatuta zegoen egurrezko kaxa bat ere aurkitu zuten, barnean kukuluak eta marihuana zeramaten hamar poltsa zituena.

Egoera horren aurrean, ertzainek hiru gazteak atxilotu zituzten "ustezko substantzia estupefazienteen trafiko delitua" egotzita. Bestalde, konfinamentua ez betetzeagatik espedientea ere ezarri zieten. Hiru atxilotuak atzo bertan jarri zituzten Donostiko Epaitegiaren eskura.

Bestalde, Ertzaintzak eta udaltzaingoek beste 1.256 isun jarri zituzten larunbatean EAEn, alarma-egoera dela-eta ezarritako neurriak ez betetzeagatik. Er-tzaintzak 657 pertsona zigortu zituen, eta udaltzaingoek, berriz, 599. Gainera, 18 pertsona atxilotu zituzten arrazoi berberagatik.

Ertzaintzari dagokionez, alarma-egoera dela eta ezarritako neurriak betetzen direla zaintzeko egunero egiten dituzten jarduketa berezien baitan, larunbatean 2.351 pertsona identifikatu eta 2.236 geldiarazi zituen EAEn. Gainera, kontrol horietan aipatutako isunak jarri zituen ezarrita dauden mugikortasun-murrizketak ez betetzeagatik. Isunez gain, hamalau pertsona atxilotu zituzten larunbatean ertzainek.

Amaitzeko, Euskadiko hiruburu eta udalerrietako udaltzaingoek 1.486 pertsona identifikatu, 1.992 ibilgailu geldiarazi eta 599 isun ezarri zituzten larunbatean. Bestalde, lau pertsona atxilotu zituzten.

Ertzaintzak eta udaltzaingoek 18 pertsona atxilotu zituzten alarma-egoeraren arauak ez betetzeagatik