iroldegiak itxita, kalera korrika egitera edo bizikletan ibiltzera atera ezinik... Etxeetako balkoiak bihurtu dira, egunotan, kirolgune. Tarteka bakarrik, hori bai, hainbat ordutan jolastoki, musikagela, liburutegi, ikasgela, bingo edo solarium lanak ere egiten baitituzte. Etxean egotera behartuta gauden honetan, inoiz baino preziatuagoak dira metro koadro gutxi horiek, nolabait, mundura ateratzeko aukera ematen digutenak.

Osasun-krisiaren aurreko bizi-tzan igande goizak izaten ziren, batez ere, kirola egiteko aprobetxatzen zirenak. Egia da egun hauek arraroak direla, baina atzo igandea izanda, asko izan ziren kirola egiteko arropa jantzi eta balkoira atera ziren gipuzkoarrak.

Batzuk, rodilloan edo bizikleta estatikoan ibili ziren; beste batzuk, gimnasia ariketak edo luzaketak egiten; metro gehiago dituztenak, korrika bueltaka edo paseatzen ertz batetik bestera... Sedentarismoari aurre egitea da kontua eta bakoitzak ahal duen moduan jarraitu nahi du kirola egiten.

Laguntza moduan, asko dira egunotan plangintza, entrenamendu eta saio bereziak prestatu eta eskaini dituztenak sare sozialen bidez jarraitzeko moduan, hainbat ariketa espazio txikietan egiteko aukerak proposatu dituztenak. Teknologia berriek ere laguntzen dute. Adibidez, birtualki Tourreko etapa bat egiteko aukera ere ematen diete bizikletazaleei, balkoitik atera gabe. Beste batzuek, konektatuta taldeka egiten dituzte ariketak eta dantza edo zumba saioak ere ikusi ahal izan ziren atzo balkoiren batean.

Luzerako doala dirudi eta, mendiaren faltan, terrazan egingo dute hitzordua hurrengo igandean ere gipuzkoar askok.