Iaz Dimensión enpresak Pintxos. The Starred Chefs List. The 99 Best izeneko aplikazioa sortu zuen eta bertan eskuragarri ipini zuen Donostiako 99 pintxorik onenen zerrenda, Michelin izarra duten Gipuzkoako hamaika sukaldarik osatuta. Lehen urte honetan zehar oso baliagarria suertatu zaie bisitariei. 56.860 erabiltzaile izan ditu, eta saio bakoitzeko batez beste hiru minutu baino gehiago iraun ditu horietako bakoitzak aplikazioa arakatzen. Gainera, Donostiatik ez ezik, Pintxos AEBetatik, Erresuma Batutik, Frantziatik, Alemaniatik edo Japoniatik ere kontsultatzen da.

Aplikazioan egoteko modukoak diren pintxoak aukeratzen dituen epaimahaia honako adituek osatzen dute: Juan Mari eta Elena Arzak (Arzak), Pedro Subijana (Akelarre), Martín Berasategui (Martín Berasategui), Andoni Luis Aduriz (Mugaritz), Hilario Arbelaitz (Zuberoa), Gorka Txapartegi (Alameda), Dani López (Kokotxa), Rubén Trincado (El Mirador de Ulia), Aitor Arregi (Elkano) eta Paulo Airaudo (Amelia).

Aurten, Donostiako 99 pintxo onenen zerrendan aditu hauek hamahiru pintxo berri sartu dituzte, hamaika taberna ezberdinetakoak. Gainera, horietako zortzi lehendabiziko aldiz ageri dira zerrendan. "Ez genuen nahi aplikazioaren erdia taberna berdineko pintxoei buruzkoa izatea, ezta pintxo guztiak Alde Zaharreko tabernetakoak izatea ere", azaldu zuen atzo Dimensioneko presidentea den Guille Viglionek 2020ko zerrendaren aurkezpenean. Eta esan beharra dago, neurri handi batean ondo bete dela enpresa sortzailearen nahia, izan ere, auzoka banatuta baitaude pintxo berri horien sorlekuak.

HAMAHIRU PINTXO BERRIAK Antigua da bataz beste gehien hazi den auzoa, zerrendan sartu baitira Damadáren Olagarro kroketa krematsua, El pescaíto de la Bahía de Cadizeko Hegaluze mairu-pintxoa, Kapelako Sardina ketua eta La Marisquería de Ondarretako Muskuilu betea.

"Mutil arabiar berri bat hasi da gurekin sukaldean lanean eta berari esker lortu dugu pintxo berri hau. Barbateko atun gorria hartu eta sukaldari berriak bere herrialdetik ekarritako espezia mairuekin prestatu genuen. Egia esan, nahiko nahasketa interesagarria da", azaldu zuen El pescaíto de la Bahía de Cadizeko Miguel Ángel García sukaldariak.

Hala ere, Erdialdea da berrikuntza gehien eskaintzen dituen auzoa. Hiru lokaletako bost pintxo berri daude 2020ko edizioan. La Espigako Txahal-muturrak kokatu dira orain 2019an hautatu zizkioten beste bi pintxoen ondoan. Erdialdeko beste bi lokaletan bina pintxo aukeratu dituzte: Ekeko-ko Kreole urdaiazpikoa eta Oilasko-ají kroketa, eta Narru Originaleko Piperrauts emultsio urdai frijitua eta Oilasko hegalak, patata eta gorringoa.

Gros auzoari dagokionez, aurtengo Pintxos aplikazioko nobedadeak Gatxupako Acapulco erara egindako Ceviche tostada, eta Bodegón Usarbiko Buztanez beteriko pikillo piperra dira. "Buztanarekin eginiko gisatu bat da, baina ez ohiko plateretan zerbitzatzen den bezalakoa. Piperraren betegarria izateko moduko gisatua sortu dugu eta oso bateragarriak dira elkarrekiko", nabarmendu zuen Bodegón Usarbiko Adrián Calderonek.

Azkenik, Alde Zaharrean, Casa Urolak abakando-salpikoi koilara sartu du zerrendan, Urola ezizenez ezaguna den pintxoa; eta Tambok ere jaso du merezimendua bere Hegalaburra eskabetxean izendatu baitute.

Pintxoak Euskal Herriko gastronomiaren zutabe garrantzitsua dira, eta aukera askotarikoa egon ohi da taberna eta jatetxeetan. Norberaren gustuaren arabera, Michelin izarra duten sukaldariek hainbat baldintza ezarri dituzte euren gogokoenak aukeratzerako orduan. "Niri, esaterako, kalitatezko produktuak dituzten pintxoak gustatzen zaizkit. Garrantzitsua iruditzen zait, baita ere, produktu bakoi-tzaren egosketa-denbora ongi erabiltzen jakitea eta garaiko jakiak izatea. Baina batez ere, pintxoak, sukaldari bakoitzaren grazia puntua izatea atsegin dut", azpimarratu zuen Elena Arzakek.

'PINTXOS' APLIKAZIOA Pintxos aplikazioko zerrenda urtero eguneratuko da eta aurten, erabiltzaileen esperien-tzia hobetzeko asmoz, hutsetik berdiseinatu dute. Bertsio berriak eskain-tzen dituen hobekuntzen artean, besteak beste, ibilbide tematiko eta geolokalizatuak; iragazkiak, hurbiltasunaren eta lokalak irekita dauden hala ez kontuan hartuta, eta pintxoaren fitxa norberaren kontaktuekin partekatzeko aukera ere iango da.

Aplikazioa doakoa da eta Androiderako nahiz iOSerako deskargatu daiteke Pintxos webgunetik: https://pintxos.es.