Euskaraldiaren lehenengo edizioak arrakasta paregabea izan zuen, hamaika egunez norbanakoek hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egin ostean. Ahobizi edo belarripresten papera beteaz, Euskal Herri osoan 225.154 pertsonek hartu zuten parte. Emaitzak ere zeresana eman zuen, Euskaraldiaren ondoren, euskararen erabilpena bost puntu igo baitzen.

Aurten bigarren edizioa ospatuko da eta hamaika egun iraun beharrean, 15 izango ditu. Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan lelopean, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa masiboa. Alde batetik, 2018ko ariketaren jarraipena izango da eta norbanakoek ahobizi eta belarriprest rolekin jokatuko dute euren arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko. Baina aurten beste elementu bat gehitu nahi izan diote Euskaraldiari: "Taldeko harremanetan ere eragin nahi dugu. Taldeko harremanak oso egoera ezberdinetan gertatzen dira, eta gu antolatutako guneetan zentratu gara", azaldu zuen atzo Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko ordezkaria den Maddi Juanikorenak Donostian egin zen Euskaraldiaren bigarren edizioaren aurkezpenean.

Taldeko harremanak sendotzeko, parte hartu nahi duten entitateek ariguneak identifikatu beharko dituzte: entitatearen funtzionamenduan dagoeneko eratuta dauden taldeak edo espazioak dira, eta hizkun-tza-praktikak euskarara aldatzea edo finkatzea dute helburu.

barne eta kanpo 'ariguneak' Bi arigune mota bereiziko dira Euskaraldian zehar. Alde batetik, ohiko funtzionamendurako taldeek (sailak, zerbitzuak, kirol-taldeak, lan-taldeak, biltzarrak...) barne-ariguneak osatuko dituzte, eta bertako kide guztiek euskara ulertzeaz gain, kideen %80 gutxienez ahobizi edo belarriprest modura ariketan parte hartzeko prest egon beharko da.

Bestalde, herritarrak entitateekin harremanetan jartzeko guneetan uneoro euskara ulertzen duen pertsona bat egotea bermatzen bada, kanpo-ariguneak osatzeko aukera egongo da. Horrela, entitateek herritarrei euskaraz aritzeko gune babestua eskainiko diete eta uneoro egongo da euskaraz aritzeko aukera. Toki horiek izango dira, esaterako, tabernetako barrak, erakundeetako harrera guneak, telefono orokorrak, dendak, kutxak... "Entitateen funtzioa izango da beraien ariguneak identifikatu, sustatu, aktibatu eta babestea. Oso funtzio garrantzitsua da hau", azpimarratu zuen Juanikorenak. Entitateek Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago jada eta 2020ko uztailera arte izango dute horretarako aukera. Hala ere, izena eman aurretik entitate bakoitzak bere baitan dauden ariguneak identifikatu egin beharko ditu. Bestalde, herritar guztiek Euskaraldian parte hartu ahal izateko izen emate epea irailean zabalduko da.

euskaraldia donostian Donostian Udala eta Bagera elkartea ari dira Euskaraldia antolatzen. "Aurreko edizioan ia 18.000 lagunek hartu genuen parte Donostian, eta ikerketek erakutsi dutenez, gerora ere utzi du bere arrastoa", adierazi zuen Eneko Goia Donostiako alkateak.

Bigarren Euskaraldia antolatzeko lanean ari dira orain eta horren adibide da Intxaurrondo auzoan 2019ko azaroaren 22tik abenduaren 3ra egin zuten probaldia. Plazara Goaz Intxaurrondoko euskaldunen elkartearen eskutik, auzoko zenbait eragile pribatuk eta publikok aurten egingo den ariketa aurrez burutu zuten Nitik harago! Baietz hamaika Intxaurrondon! ekimenean. "Entitateetan egingo den ariketa probatu egin dugu ondoren Euskal Herri osora zabaltzeko. 16 entitatek eman zuten izena eta 70 arigune inguru osatu ziren, barnekoak eta kanpokoak", azaldu zuen Marian Astigarragak, Plazara Goaz elkarteko ordezkariak. Guztira, 400 ahobizi eta belarriprest aritu ziren Intxaurrondoko probaldian.

Plazara Goaz elkarteaz gain, Donostiako beste sei entitatek Euskaraldian parte hartzeko euren konpromisoa azaldu zuten atzo. Andoni Iraola Real Sociedad Fundazioko zuzendariak ariguneak identifikatzen hasi direla azaldu zuen. "Batzuk oso modu naturalean sortu dira eta beste batzuei bueltatxo bat eman behar diegu. Tamainaz handi samarrak gara eta oso arigune zabalak sortu ditzakegu. Baina zalantza daukat horrela sortuta benetan gure hizkuntza ohituretan eragina izango duten ala ez", esan zuen Iraolak.

Arantzazuko Ama ikastola ere Euskaraldiarekin bat egiteko gertu azaldu zen. "Familien euskara mailaren ezagutza handitu egin da, familia horiek gurekin ditugu eta beraien hizkuntza ohituretan eragin nahi dugu. Euskararen ezagutzak gure arteko elkarrizketak sakontzea eragingo du", adierazi zuen Nagore Zubillaga zuzendariak.

Horiez gain, Amara Berri auzo elkartea, Aquariuma, Kutxa Fundazioa eta Kresala elkartea ere Euskaraldian parte hartzeko prest agertu ziren.

SARE SOZIALETAN Donostiako Euskaraldiak hiru kontu ditu sare sozialetan informazioa zabaltzeko. Twitterren (@donostiaeuskaraldia), Instagramen (@donostia_euskaraldia) eta Facebooken (Euskaraldia Donostia) izena dute kontu horiek. Bestalde, mezuak partekatzeko traola #donostiaeuskaraldia izango da.