donostia - XIX. mendean Louis-Lucien Bonapartek zortzi euskal dialekto zehaztu zituen, Resurreccion Maria Azkuek zazpi, eta jada XX mendean, Koldo Zuazok, bost. Orain arte dialekto bakoitzaren ezaugarri linguistikoen aukeraketan oinarritutako metodologia irauli egin du EHUko Eudiak, eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasak liburukietan jasotako informazioa erabiltzea erabaki du; bertan, 145 herritako lexiko eta gramatikari buruzko datuak daude jasota.

Azterketa horrek euskararen hiru dialekto daudela ondorioztatu du: mendebaldekoa, erdialdekoa eta ekialdekoa. Aurrekoetxeak argudiatu duenez, XIX. mendean zerrendatutakoekiko euskalkien murrizketa hori ez omen da gertatu hizkuntza modu garrantzitsuan aldatu delako, baizik eta Eudiak erabilitako metodologiagatik; "Kluster analisia" erabili dute, zientzian gauzak edo objektuak sailkatzeko erabiltzen den prozedura, alegia. Beraz, euskalkiak ez direla galdu nabarmendu nahi izan du, eta "ehun urte barru" ere izango omen dira "zalantzarik gabe", nahiz eta ez diren oraingoak bezalakoak izango.

Era berean, "kultura urbanizatu" ahala, "dialekto sozialak edo soziodialektoak" sortzen direla dio, eta horrek esan nahi du "hizkuntzak aldatzen jarraituko duela eta hizkuntzaren aldaerak aztergai izaten jarraituko duela, nahiz eta aldaketa horiek desberdinak izango diren, premiak gorabeheran".

Aurrekotxeak zehaztu duenez, lehen "soziodialektoen" zantzuak agertzen hasi dira, eta adibide gisa adierazi du desberdintasun "nabarmenak" daudela herri berean bizi diren "euskaldun berrien" eta "euskaldun zaharren" artean; eta helduen eta gazteen artean ere aldaketak antzematen direla soinu edo egitura jakin batzuen ahoskeran.

Euskara batuaren eta euskalkien arteko harremanari dagokionez, ukatu egin du gatazkatsua denik, "bi hizkuntza erregistro" direlako; eta azpimarratu nahi izan du, haren ustez ez dela egia, batuak sentimenduak azaltzeko balio ez dueneko "sinesmena". "Nik nahiago dut esan gabezia hori hiztunak duela, eta ez hizkuntzak edo erregistroak", zehaztu du. Amaitzeko, euskararen etorkizunaren oinarriak gazteenek erabiltzen duten hizkeran daudela ondorioztatu du Aurrekoetxeak.