donostia - Azken sei hilabeteotan 758 forma berri jaso ditu Euskaltzaindiak, eta sarean eguneratu, www.euskaltzaindia.eus webgunean. Ponpoxo, kurdu eta gorririk hitzak dira, besteak beste, Euskaltzaindiak bere hiztegian jaso berri dituen forma berriak.

Azken sei hilabeteotan 69 sarrera eta 689 azpisarrerei ongietorria eman die Euskaltzaindiak eta 472 hitzei agur esan (urtean zehar 1.155 forma berri hiztegitaru ditu eta beste 937, moldatu).

Sarrera berrien zerrenda ez da, oraingo honetan, oso luzea izan eta, batez ere, hizkuntza izenak eta herritar izenak izan dira jaso dituenak: krimeera, ladinera, kurdu eta palestinar, esaterako.

Hiztegian aurki dezakegu, dagoeneko, hainbat hitz adierazkor ere. Multzo honetan, besteak beste, honako hitz hauek sar-tzen dira: dexente, ponposo, ponpoxo eta gorririk.

Baina Euskaltzaindiaren lana oparoa izan da azpisarrerei dagokionez eta 689 "moldatu edo findu" egin ditu amaitu berri den urtean. Miriam Urkiak (Euskaltzaindiaren hiztegiko arduraduna) adierazi zuenez, "aurreko urteetan corpusetik jasotako forma berriak aztertu dira, baina azken urteotan Orotariko Euskal Hiztegiko (OEH) azpisarrerak berraztertu dira, horietako hainbat hiztegian jaso gabe zeudelako".

Lan itzel honen emaitza izan da tradizioko forma batzuen errekuperatzea, beti ere gaur erabiltzen direnei lehentasuna ematen.

"Azpisarrera batzuek azalpena behar dute ondo ulertu ahal izateko eta horregatik bistara ekarri dira, definizioarekin eta adibideekin erabileraren berri eman ahal izateko", zirtutatu zuen Urkiak.

Euskaltzaindiaren hiztegiko arduradunak azpisarrera berrien pare bat adibide eman zituen: zintzur-bustitze eta alegia deus ez. Lehenengoarekin bazkal edo afalaurretik edari bat hartzea (gehienetean alkoholduna) adierazten da. Ezer gertatu ez balitz bezala adierazteko erabiltzen da alegia deus ez esamoldea.

Egun, 39.247 sarrerek osatzen dute Euskaltzaindiaren Hiztegia eta 8.086 azpisarrera.

Baina 2019. urtean zehar egindako lanari helduta, "euskal ondarea agerian jartzeko saioa egin du Euskaltzaindiak", Urkiaren esanetan. - A. Lopetegi