Pedro Sánchezek atzo iragarri zuenez, biharko Espainiako Ministroen Kontseiluak autonomia-erkidegoei transferituko zaizkien 38,5 milioi euroko aurrekontu-saila onartuko du osasun mentalaren arreta bultzatzeko.

Horixe adierazi zuen presidenteak, alderdi sozialistak Valladoliden egindako kanpaina-ekitaldian, Luis Tudanca Gaztela eta Leongo sozialisten idazkari nagusia eta Oscar Puente alkate eta maiatzaren 28ko hauteskundeetarako hautagaia ondoan zituela. Buruzagi sozialistak PPren “gorrotoaren kanpaina” ere salatu zuen, EH Bilduren zerrendekin izandako polemikarekin bere iritziz terrorismoaz egiten duten erabilerari erreferentzia eginez.

Gobernuarentzat osasun mentala lehentasuna dela azpimarratzeaz gain, Moncloako iturriek adierazi dutenez, iragarritako inbertsio horretatik 14,5 milioi euro osasun-zentroetako ekipamenduak hobe- tzeko erabiliko omen dira.

“Herritarren arazoak ezin dira egonean utzi, eta Gobernu honek arazoak konpontzen eta irtenbideak bilatzen jarraituko du, nola ez ba, baita osasun mentalaren esparruan ere”, aldarrikatu zuen Sanchezek, PSOEko zuzendaritzaren iturrien arabera, 1.500 pertsona inguru bildu zituen mitinean.

Gai horrekin jarraituz nabarmendu zuen PSOEko idazkari nagusiak, covid-19aren pandemiatik atera beharreko ondorioetako bat, osasun mentala ikusarazi eta ez estigmatizatzea izan behar duela, eta horretarako, behar bezala finantzatzeko baliabideak zabaldu behar direla.

Bere esanetan, gai horretan lanean dabiltzan elkarteek eta sufritzen duten herritarrek honako mezu hau zabaltzeko eskatzen omen diote: “bizitzako une jakin batean arazo psikologikoak jasan badaitezke ere, aurrera egin daiteke, arazo horiek konponbidea dutelako”.

Bide batez, bere Gobernuak ildo horretan egindako ekimenak errepasatu zituen; besteak beste, Osasun Mentaleko Estrategia Nazionala eguneratzea, 2009tik -Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente ohi sozialista zegoenetik- berritzeke zegoena. Une horixe baliatu zuen Mariano Rajoy Espainiako aurreko gobernuburuari eztenkada bat emateko, bere ustez “ez zuelako ezer egin osasun mentalaren esparruan”.