1984ko ekainaren 6an, garai hartan EAJren senataria zen Joseba Elosegik, frankisten gerrako harrapakin gisa erakusgai zegoen Itxarkundia Batailoiko ikurrina erreskatatu zuen Madrilgo Espainiako Armadaren Museotik. Elosegik ez zuen inoiz azaldu Espainiako armadarengandik berreskuratutako ikurrina hura non gorde zuen; baina, Iñaki Anasagasti senatari jeltzale ohiak bere blogean idatzi zuenez, Francoren tropek ikurrina atzeman zioten gudarien batailoiko kapitaina lagun mina omen zuen eta, seguruenik, hari itzuliko omen zion.

Handik bost egun eskasera, Andoainen, Gudari Eguna ospatzen ari zirela eta milaka lagunen aurrean, zera adierazi zuen Elosegik: "Ikurriña ez dugu lapurtu, berreskuratu baizik. Eta ez da itzuliko 51 urtez preso egon den lekura". Ikurriña, ordurako, Iparraldean zegoela ere aditzera eman zuen.

Gertaera horrek ez zuen oihartzun handiegirik izan - Espainiako hedabideek ere ez zioten arreta gehiegi eskaini -, baina Joseba Elosegiren nortasuna ezagutzeko baliagarri zaigu, euskaltasunarekin eta ikurrinarekin erabat konprometitutako gizona izan baitzen.

Armadaren Museoan gertatutakoa baino hamalau urte lehenago beste ekintza bat gertatu zen, are ikusgarriagoa; orduan ere, protagonista Elosegi izan zen. 1970eko irailaren 18an, Munduko Pilota Txapelketaren inaugurazio-egunean, Donostiako Anoeta pilotalekura joan zen Elosegi; alkoholarekin gorputza ondo busti ondoren, bere buruari su eman zion, eta harmaila batetik salto egin zuen Franco diktadorearen aurrean, "Gora Euskadi askatuta" oihukatuz. Elosegi egoera larrian geratu zen, eta 20 egunez ospitalean egon ondoren, Carabanchelgo espetxean sartu zuten; hantxe egon zen 1975era arte.

Quiero morir por algo izeneko bere oroitzapen liburuan Elosegik Donostiako pilotalekuko ekintzaren zergatia eta helburua azaltzen zituen. "Ez nuen Franco hiltzeko asmorik. Gizon zaharkitua zen ordurako, bere jarraitzaileek ia derrigorrez zutik eusten ziotena, mitoari eutsi ahal izateko. Dekorazio hutsa zen ", aipatzen zuen. Elosegik bazekien bere paturik ziurrena heriotza zela, eta, halakorik nahi ez bazuen ere, horretaz jabetuta egin zuen aurrera. Ez zuen Francoren aurkako atentatu bat egin nahi, berea zena itzultzea baizik. "Euskaldunon hiri santua suntsitzeko Francok Gernikan eragin zuen su hura, berak sentitzea nahi nuen. Munduaren aurrean gu gutxiesteko, behin eta berriz, Gudariok piztu genuela aldarrikatzen zuen su hura. Nik bueltatu egin nahi nion sua, berea baitzen€", idatzi zuen.

OHOREZKO GIZON EKINTZAILEA Joseba Elosegi Odriozola Donostian jaio zen 1915eko abenduaren 6an. Merkataritzako irakasle izateko ikasketak egin zituen Gipuzkoako hiriburuan, eta Arte Ederretakoak Parisen. EAJko militante gisa, Saseta Batailoiko gudarien kapitain izan zen, eta baita Kataluniako armada errepublikanoko komandante ere.

1937ko apirilean Kondor Legioak Gernika bonbardatu izanaren lekuko izan zen Elosegi. 22 urte besterik ez zituen, eta hiribildu foralean kantonatuta zegoen gudari konpainiako kapitaina zen. Erabat hunkituta bizi izan zuen gerra-esperientzia hura, eta krudelkeria hark betirako lorratza utzi zion.

Limpiasen preso hartu eta El Dueson (Santoña) espetxeratu zuten. Heriotza zigorrera kondenatu eta, ondoren, Larrinagako espetxera eraman zuten; han trukatua izan zen 1938ko urtarrilaren 20an. Jendarmeek Hendaiatik Bartzelonara eraman zuten. Armada errepublikanoan izena eman eta Segre eta Ebron borrokatu zuen, teniente koronela izatera iritsiz. Katalunia erori zenean, Frantziara pasa zen 1939an. Sette eta Iparraldean bizi izan zen, eta II. Mundu Gerrak hantxe harrapatu zuen. Eusko Jaurlaritzak Frantzia okupatura mobilizatu zuen nazien aurkako inteligentzia zerbitzuak antolatzera. Behin gatazka amaituta, frankismoaren aurkako euskal erresistentziaren ekitaldietan laguntzaile izaten jarraitu zuen.

Handik urte batzuetara, Elosegi eroso egokitu zen bake garaietara, beti ere, bere abertzaletasuna defendatzeari uko egin gabe. Gizon ekintzailea izatea berezkoa zuenez, bere buruari su ematearen balentria ospetsua baino askoz lehenago, hura bezain arriskutsua izan zen beste ekintza bat ere egin zuen. 1946ko uztailaren 18an izan zen, gerra hasi zeneko hamargarren urteurrenean. Data hura ospatzeko, Gudarien kapitain ohiak Donostiako Artzain Onaren katedraleko dorrea eskalatu eta ikurrina eder bat jarri zuen tximistorratzean.

FRANCOREN ERRETRATUA BURUZ BEHERA Armadaren Museoko ikurrina erreskatatu eta handik bi urtera, gertakari berri baten protagonista izan zen: Beste parlamentari batzuekin batera maniobra batzuk ikuskatzera joana zen Rotako itsas basera, eta ofizialen ganberan Juan Carlos I.a erregearen ondoan zegoen Franco jeneralaren erretratu bat buruz behera ipini zuen.

Beste behin, Senatua bera nabarmen utzi zuen parlamentariek Konstituzioaren zina egiteko formula onartu ondoren. Txanda iritsi zitzaionean, zera esan zuen: "Sí, prometo, siempre y cuando no se aplique la LOAPA". Goi Ganberako mahaiak formula hura ez zela baliozkoa erabaki zuen.

1986an, Carlos Garaikoetxea lehendakariaren eskutik, alderdi berri baten sortzaile izan zen, Eusko Alkartasuna, eta alderdi horretan aktiboki militatu zuen hil arte. Bihotzekoak jota hil zen 1990eko azaroaren 5ean, 74 urte zituela.

Iban Gorriti gure lankideari eskainitako elkarrizketan, Joseba Elosegiren lagun izan zen eta harekin makina bat bizipen izan zituen Iñaki Anasagasti senatari ohiak, honela deskribatu zuen gudari eta senatari ohia: "Tipo adeitsua zen, bizkorra, erantzun barregarri eta azkarrak ematen zituena, eta klandestinitatean bizitza oparoa izan zuena. Desobedientea izan zen bere bizitza osoan zehar".

Elkarrekin Podemos. El Aberri Eguna del próximo domingo sumó ayer una adhesión más con Elkarrekin Podemos, marcada por la crisis del coronavirus. En un comunicado, el partido morado llamó a los ciudadanos a salir ese día a sus ventanas para aplaudir y reivindicar, "con un irrintzi que se escuche en todas partes", a quienes defienden un particular concepto de patria: la que consiste en una "comunidad de personas diferentes que, más allá de sus orígenes, se protegen y cuidan mutuamente". Defendió por ello que este Aberri Eguna "ponga en el centro la vida y no deje a nadie atrás".