Deusto Business Schoolek, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak, "Sebastián Iruretagoyena saria" eman die gaur 2020-2021 ikasturteko EAZko Gradu Amaierako Lan onenei. Sarituak "Minibarreras Acústicas" proiektua, Ibone Urquiola Zaballa, Imanol Aizpuru Arruti, Eider Albarracín Arbilla, Maider Dorronsoro Aldaz eta María Zubia Irigoyenek egindakoa, eta "Aquadat" proiektua, Mikel Martínez Iturrioz, Javier Álvarez de Eulate de Santo Domingo, Gabriela Garaizabal Etxeberria, Maarten Handels Cuesta eta Laura Llorente Jodrak egindakoa izan dira, ex aequo. "Finantza analisi ekonomiko onenaren Sebastián Iruretagoyena saria", berriz, EAZko Gradu Amaierako "Ekohome" proiektuak jaso du, Raúl-Cosmin Moroz, Joy Okuyama Fernández, Roberto Alejandro Barraza Valdés eta Denisa-Andreea Soroiuk egina.

Sari honekin Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (EAZ) Donostiako campusean egiten ari diren ikasleek Gradu Amaierako Lanean egindako ahaleginak aitortu eta sustatu nahi dira. Eraberean, Sebastián Iruretagoyena irakaslea goraipatzea ere badu helburu, funtsezkoa izan baitzen Gipuzkoa inguruko ikasleen, zuzendarien eta enpresaburuen prestakuntzan. Iruretagoyena kontabilitateko, finantza analisiko eta finantzetako irakasle izan zen eta Gipuzkoako lehenengo MBA exekutiboaren zuzendari.

Saria Sebastián Iruretagoyena ESTEko irakasle zenaren lagunek eta familiak ematen dute eta, hemendik aurrera, ALCE Fundazioak izango du haren ardura.

Andoni Bergareche ALCE Fundazioko presidenteak eta Amaia Iruretagoyena Sebastiánen alabak nabarmendu dute erabakia oso zaila izan dela, aurkeztu diren lan guztiak eta, bereziki, finalera iritsi direnak, bikainak izan baitira. Asun Ibáñez, DBSren Donostiako graduko koordinatzaileak gogoratu zutenez, sariak Deusto Business Schoolen (DBSren) misioa eta balioak nabarmendu nahi ditu. DBS orain dela urte batzuk sortu zen eta horren barruan gelditu zen ESTE, Donostiako gaur egungo campusaren hazia izan zena. DBSk profesional arduratsuak hezi nahi ditu, ingurune globalean enpresa proiektu iraunkorrak sustatzeko eta gidatzeko gai izango direnak, gizarte oparoagoa, bidezkoagoa eta inklusiboagoa lortzeko. Eta hori egiteko, jakintza sortu nahi du, diziplina aniztasunaren bidez, beste eragile batzuekin lankidetzan, gizartearen erronka nagusiei erantzun bat ematen laguntzeko. Sariak Sebastián Iruretagoyena zena gogoratu nahi du, 2009an hil zena. Iruretagoyena irakasleak ikasleen oroimenean jarraitzen du, enpresa jardueran aritzen diren guztientzat ezinbesteko gaiak lantzen zituelako. Kontabilitate eta finantza analisian espezialista zen eta ikasleek zenbakien atzean zer dagoen ikasten zuten. Hasieran hizkuntza kriptikoa zena, haren eskolen ondoren funtsezko tresna bihurtzen zen askorentzat.

Sariaren epaimahaia Asun Ibañezek (Deusto Business Schooleko Donostiako graduko koordinatzaileak, Álvaro de la Rica fakultateko dekano jauna ordezkatuz), Cristina Iturriozek (EAZko Donostiako Gradu amaierako lanen koordinatzaileak), Rosa Cristobalek (DBSko Finantzetako eta Ekonomiako saileko kideak), David eta Amaia Iruretagoyenak (Iruretagoyena familiaren izenean) eta Andoni Bergarechek (ALCE Fundazioko presidenteak) osatu dute. Lanak aztertzeko orduan, ikuspegi akademikoaz gainera, ekonomia, gizarte eta ingurumen eragina balioetsi dute, baita Unibertsitateaz kanpoko eragileekin elkarlanean aritzea ere. Bost lan hautatu dira finalerako, kalitate eta intentsitate handikoak.

Sari honen hautagai izan daitezke ikasturte honetan Deusto Business Schooleko Donostiako campusean EAZko Gradu Amaierako Lana irakasgaian matrikulatuta dauden ikasle guztiak. Saria 2.000 eurokoa da EAZkok Gradu Amaierako Lan Onenarentzat eta 1.000 eurokoa, ekonomia eta finantza analisirik onena duen EAZko Gradu Amaierako Lanarentzat.