Gora Tolosa eta gora Inauteriak!
Musikaz eta kolorez betetako bost jai egunei ongi etorria eman die herriak Plaza Zaharrean
Udaletxeko balkoia eta Plaza Zaharra jendez gainezka zegoela, behin ohiko pregoia entzun ostean, Kabi Alai elkarteak inauteriei hasiera eman die txupinazoa jaurtiz. Gure lurraldean erreferente bilakatu den festak, kalejirak eta karrozen desfileak izango ditu herriko toki ezberdinetan gaurtik hasita martxoaren 4ra bitartean.
Plaza Zaharra festarako gogotsu zegoen pertsonekin lepo bete da aurten ere, eta txupinaren aurrekaria den ohiko parodiak, Leticia Sabater, King Africa edo Pimpinela taldeen emanaldiak Tolosara ekartzeko eskaria luzatu du. Jarraian, Artxiboko Neskek eman diote su 2025ko Tolosako inauterien lehen txupinari.
Lehen Txupinak eztanda egin orduko, Pintxana eta Kabi Alai txarangek lehen kalejira abian jarri dute mozorrotutako milaka pertsona lagun zituztela. Herriko kaleak jendez gainezka egon dira inauteria hasi den ordu beretik. Zezenek, gazteentzako ikuskizunek eta kontzertuek osatuko dute ostegun gizeneko programazioa.
Lehen aldiz, alkatesa
Inauterietan zehar Tolosako alkatea Patxi Amiano izan bada ere, aurten erreleboa eman eta alkatesa izango du Tolosak jaiegun hauetarako. Itsaso Urdapilleta izango da herriko agintari nagusia, eta “ohore handia” dela azpimarratu du lehen txupinak eztanda atarian. Aurtengoa lehen aldia bada ere, “beste hainbatetan” Tolosak alkatesa izango duela uste du Urdanpilletak. “Batez ere inauteria aurrera ateratzeko lan egin duten emakumeei eman nahi dizkiet eskerrak”, gaineratu du.
Kabi Alai elkarteak urtero banatzen duen Kuttuna sariari dagokionez, Artxiboko neskek jaso dute aurten, eta ordezkarien esanetan "tolosarrak izanda, ez dago txupina botatzea bezalakorik". "Eskertuta" daude oso jasotako oroigarriarekin, eta txupinazoaren aurretik garaikurra jasotzeko ekitaldian, "Holliwooden bezala" sentitu omen dira.
Ekitaldi berean Tolosako alkateak, Andu Martinez Rituertok, aurtengo Kuttuna saria jaso duten Artxiboko Neskak, konpartsen “eredu” direla aipatu du, urtero egiten dituzten mozorroak “irudimentsuak eta koloretsuak” direlako. Oroigarria urtero banatzen bada ere, Martinezen esanetan aurten “bete betean” asmatu du Kabi Alaik sarituen aukeraketarekin.
This browser does not support the video element.
Festa hasi besterik ez da egin, eta egun hauetan Tolosara gerturatuko diren pertsonei honako mezua helarazi nahi izan die Martinezek: “ongi pasa dezagun, elkarri errespetatuz eta inauteriak umorez blai biziz”. Egun hauetan eten egingo du bere agintaldia Urdanpilletari lekukoa utzita, eta bere iritziz “oso polita izango da Tolosak alkatesa duela ikustea”. “Nahi izanez gero, luza dezakezu zure agintaldia”, esan dio inauteritako txantxa aldartean.