- Koronabirusa mehatxu global bihurtu dela argi baino argiago dago, baina haren sintomak zein diren zehazterakoan sor-tzen dira zalantzak, eta horiek argi izatea funtsezkoa da osasun-sistema ez saturatzeko. Horretarakoxe sortu du Gurutze Gorriak doako online ikastaro bat herritar guztientzat, iturri fidagarri batetik abiatuta oinarrizko ezagutzak eta prebentzio-neurriak ikasteko.

Prebentzioa informazioarekin hasten da izeneko informazio gune hori erakundearen web-orrian bertan dago eskuragarri. Horrekin, COVID-19ri buruzko oinarrizko informazioa “modu zentralizatuan” eskaini nahi dute, boluntarioek, lan-kontratupeko langileek eta herritarrek, oro har, ezagutza nahikoa izan dezaten haren hedapena prebenitu ahal izateko neurri egokiak hartzen jakin dezaten.

Lehenik eta behin, koronabirusak zer diren argitzen du: “Normalean animaliei bakarrik eragiten dieten birus familia zabala da. Batzuek animalietatik pertsonetara transmititzeko gaitasuna dute”. Era askotariko koadro klinikoak sor-tzen dituzte, hotzeria arruntetik gaixotasun larriagoetara, arnas sindrome akutu larria eragin zuen koronabirusarekin (Sars-CoV) eta Ekialde Ertaineko arnas sindromea eragin zuen koronabirusarekin (Mers-CoV) gertatu bezala.

Pandemia hau sortu duenak, Sars-Cov-2 du izena. “Pertsonei eragin diezaiekeen koronabirus mota berri bat da, eta 2019ko abenduan atzeman zuten lehen aldiz, Txinako Hubei probintziako Wuhan hirian. Eragiten duen COVID-19 gaixotasunaren inguruan oraindik ez dira gai asko ezagutzen”, azpimarratzen da.

Sintomarik ohikoenak, sukarra, eztula eta aire faltaren sentsazioa dira. Kasu batzuetan digestio-arazoak ere egon daitezke, hala nola beherakoa eta sabelaldeko mina. Kasurik larrienetan bakarrik eragin dezake infekzioak pneumonia, arnasa hartzeko zailtasun handia, giltzurrun-akatsa, eta inoiz, kasuren batean baita heriotza ere.

“Kasurik larrienak adineko pertsonengan edo beste gaixotasunen bat duten pertsonengan gertatzen dira, adibidez, bihotzeko arazoak, biriketakoak edo immunitate arazoak dituztenengan”, zehazten da.

Kutsakortasuna arnasbideetako birus kopuruaren araberakoa da. “Doministiku edo eztul egitean igortzen diren arnas tantak (jariakinak) airetik transmititu daitezke metro eta erdi edo bi metro inguruko distantzian, ez askoz gehiago”.

Koronabirus berri honentzat tratamendu espezifikorik ez dagoela kontuan hartuta, Gurutze Gorriak azpimarratu nahi du zeinen garrantzitsua den “herritar guztiak gai izatea gomendatutako preben-tzio-neurriak aplikatzeko”: hala nola, eskuak maiz garbitzea, ukalondoa erabiltzea eztul edo doministiku egiten denean, eta beste pertsonekiko metro bateko tartea mantentzea.

Bestalde, Eudelen webgunetik, Euskadiko udalerrien elkartetik, koronabirusaren aurreko udal-eremurako gomendio guztien bilduma eguneratua eskaintzen da, izaera orokorreko beste batzuekin batera. Gomendio horietako azkena ostegunean kaleratu zuen Eusko Jaurlaritzak euskal udalei hornidurak banatzeko ordutegiak malgutzeko eskatuz, COVID-19ren euste-neurrien harira hornidura “ziurtatuta” egon dadila bermatzeko. Horrez gain, plastikozko eskularru gehiago banatuko dituzte autokontsumorako elikagaientzat (fruta, ogia eta abar).

Beste neurrietako bat Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jarduera ludikoetara bidertutako adinekoen etxeak eta klubak aldi baterako ixteko emandako gomendioekin lotuta dago. Osakidetzarekin batera ere eman ditu beste hainbat gomendio, udal-titulartasuneko egoitza-zerbitzuetan eta eguneko zerbitzuetan laguntzen dabiltzan langileentzat.

Eudelek, halaber, menpekotasun-egoeran dauden pertsonentzako etxez etxeko arreta-zerbitzuko langileentzako osasun-aholkuak ere gogorarazi ditu: esate baterako, eskuak maiz garbitzea, ahoa eta sudurra ukondoarekin estaltzea, eta eztula edo doministiku egitean zapi batekin babestea. Ezinbestekoa da zapia berehala botatzea eta eskuak alkoholez egindako eskuetako desinfektatzaile batekin edota ura eta xaboiarekin garbi-tzea; gutxienez metro bateko tartea mantendu behar da eztulka, doministiku egiten edota sukarra duten pertsonekiko, eta azkenik, ez dira ukitu behar ez begiak, ez sudurra ezta ahoa ere. “Etxez etxeko laguntza-zerbitzua oso aukera ona da etxean arau horiek hurbiletik eta konfiantzatik ezartzeko”, azpimarratzen da.

Gurutze Gorriaren ikastaroa. Doakoa da, eta boluntarioei, lan-kontratupeko langileei eta herritarrei oinarrizko ezagutzei eta prebentzio-neurriei buruzko informazio zentralizatua emateko egiten du. www.cruzroja.es web orrian ikusgai.

Koronabirusa. Sintomarik ohikoenak sukarra, eztula eta aire faltaren sentsazioa dira. Kasu batzuetan digestio-arazoak ere egon daitezke, adibidez beherakoa eta sabelaldeko mina. Kasurik gehienetan sintoma arinak izaten dira. Kasu larriagoetan, infekzioak pneumonia eragin dezake, arnasa hartzeko zailtasun handia, giltzurrun-akatsa eta baita heriotza ere. Kasurik larrienak adineko pertsonengan edo gaixotasun kronikoren bat dutenengan gertatzen dira, besteak beste bihotzeko eta biriketako gaixotasunak edo immunitate-arazoak dituztenengan.

Gripea. Ohiko gripeak koronabirusak bezalaxe eragiten ditu sukarra eta eztula; gripeak, ordea, sintoma gehiago ditu: eztarriko mina, sudurreko tanta jarioa, giharretako eta buruko mina. Gehienetan nekea eragiten du, eta, kasu batzuetan, baita beherakoa ere.

Katarro arrunta. Katarro arruntak honako ezaugarri hauek ditu: tanta jarioa eta sudur-kongestioa, mukiak, eztarriko mina, eztula eta, kasu batzuetan, sukarra.

Zer egin koronabirus sintomak baditut? Etxean geratu, 900 20 30 50 telefonora deitu eta inguruko pertsonengandik urrun egon, gutxienez bi metrora. Ez da 112 zenbakira deitu behar, hau larrialdietarako telefonoa delako (suteak, iktusak, biho-tzekoak eta bestelako egoera larrientzat).

Osasun-alerta eta larrialdi-egoera. Madrilgo Gobernuak eta Euskadikoak ezarritako neurriak kontuan izanik, COVID-19ren aurrean erantzukizunez jokatzea eskatzen zaie herritarrei. Horretarako, bidaiatzea saihestu behar da, eta jarduera soziala ia guztiz murriztu (jende-pilaketak saihestu). Helburua: kutsatzeak gutxi-tzea eta gure osasun sistemak gainezka ez egitea.