zarautz - Antzerkiak eta animazioak Zarauzko kaleak hartuko dituzte Kalerki kale antzerki jaialdiaren XXIII. edizioan. San Fermin egunean hasiko da topaketa, uztailaren 7an, eta bederatzi antzezlan ikusteko aukera izango da ostegunetik larunbatera eta, San Fermin egunarekin bat eginez, entzierro bat irudikatuko dute Madrilgo Recortauro konpainiakoek Dira, dira, zezenak dira! ikuskizunarekin. Emanaldia 19.00etan hasiko da Lege Zaharren enparantzan, baina hori baino lehen, Alprojako kideek udaletxe plaza girotuko dute.
Edizio honetan bederatzi emanaldi izango dira guztira eta jaialdia “indarrez gainezka” datorrela jakinarazi zuen Nekane Iribarrek, kultura zinegotziak, ostiralean egindako pren-tsaurrekoan. Mota guztietako an-tzerkiarekin gozatzeko aukera izango da hiru egunetan zehar eta munduko hainbat txokotatik etorritako antzerki konpainiek herriko kaleak alaituko dituzte. Gainera, Euskal Herriko antzerki konpainiez gain, Madril, Alacante, Txile, Mallorca edo Bartzelonako konpainiak izango dira Zarautzen; hori bai, euskal taldeen saioekin osatu dute larunbateko egitaraua: Deabru Beltzak, Haatik Dan-tza Konpainia, Hortzmuga Teatro eta Tio Teronen semeak, hain zuzen.
Zarauzko Alproja antzerki taldeak sortu zuen ekimena duela 23 urte, baina gaur egun Zarauzko Udalak antolatzen du jaialdia Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundiaren, Artekale Euskal Herriko Kale Arteen Elkartea eta Kaleka Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren laguntzarekin.
Urtero bezala, musika, dantza, akrobaziak eta bestelako diziplinak uztartuko dituzte bederatzi konpainietako antzezleek eta umorea, komedia eta entretenimendua izango dira nagusi, baina hausnarketa pausatua, esperimentazioa eta salaketa soziala ere landuko dituzte emanaldietan.
Ohi bezala, ikuskizun guztiak doakoak izango dira, eta kokapenak honako hauek: Lege Zaharren enparantza, Musika plaza, Malekoia (Dama ondoan) eta Munoa plaza. Eguraldia txarra baldin bada, ahal den neurrian, gaztelekuan egingo dira emanaldiak.
Uztailak 7, osteguna. Dira, dira, zezenak dira! ikuskizuna, Madrilgo Recortauro taldearen eskutik, 19.00etan Lege Zaharren enparantzan. Potted lana, Alacanteko La Trocola Circo konpainiarekin, 22.00etan Lege Zaharren enparantzan.
Uztailak 8, ostirala. Txileko Murmuyo konpainiaren Fisura antezlana, 19.00etan Musika plazan. Marino e Marini e il suo complexo lana, Mallorcako Marino e Mariniren eskutik, 20.30ean Lege Zaharren enparantzan. Bartzelonako Colabse taldeak Mesa para 2 eskainiko du 23.00etan Munoan.
Uztailak 9, larunbata. Euskal Herriko taldeen eguna: Hortzmuga Teatroak Femmes antzeztuko du 19.00etan Musika plazan; Tio Teronen semeak taldeak Freschool antzezlana 20.30ean malekoiko Daman; Haatik Dantza Konpainiak Itsas Lapurrak lana, 21.30ean Daman; eta Su a Feu eskainiko dute Deabru Beltzak taldekoek. Azken hauek 20 urte betetzen dituzte eta emanaldi berezi bat prestatu dute.
9
Guztira, bederatzi antzerki talde izango dira Zarauzko kaleetan ostegunetik igandera. Euskal Herriko lau taldek eskainiko dituzte beren lanak larunbatean, eta ostegun eta ostiralean zenbait tokitako konpainiak izango dira herrian; hala nola, Madril, Alacante, Txile, Mallorca eta Bartzelona.