Etiopiako zaporeak, bizikletaz
‘zaporeak’ proiektuak wukrora bidaiatuko du bertan ostalaritza eskola sortzeko dirua lortzeko
Zaporeak Biziz proiektuko hamabost pertsonek zortzi etapetan osatuko dituzte Addis Abeba eta Wukro banatzen dituzten 1.000 kilometroak. Haien helburua dirua lortzea da Zaporeak proiektuaren baitan Wukron ostalaritza eskola sortzeko. Ekaineko bigarren hamabostaldian osatuko dute ibilbidea eta sentsibilizazio kanpaina bat ere abian jarriko dute.
Korrikako filosofia eredutzat hartuz, Zaporeak proiektuko kideek kilometroen salmenta jarri dute martxan. Kilometro osoak eros daitezke 50 euroren truke edota parte-hartzeak, bost eurotan. Kilometro horiek zaporeak-sabores.com webguneko online dendan izango dira salgai eta baita kanpainarekin bat egin duten hainbat salmenta gunetan ere. Kilometroek Wukroko irudiak eta esaldi esanguratsuak biltzen dituzte eta horiek erosten dituenak eskubidea izango du Koxk!en pintxo bat eta edari bat doainik dastatzeko.
Zaporeak proiektuko hamabost kideek bizikletaz egingo dute ibilbidea eta momentu oro autobus baten babesa eta laguntza izango dute. Iñigo Navarro antolatzaileak eman zituen atzoko aurkezpenean ibilbidearen xehetasunak: etapa bakoitzean batezbeste 120 kilometro egingo dituzte, ibilbide gorabeheratsu batean, eta Etiopiako errealitatea gertutik ezagu-tzeko aukera izango dute. Abenturarako bizikleta hibridoak erabiliko dituzte, gero Wukron geratuko direnak. Ekimenak Bizipozaren babesa du eta beraiek arduratu dira bizikletak lortu eta muntatzeaz.
Zaporeak Biziz ekimenak Manuel Redon ere omendu nahi du, azken bi urte hauetan proiektuaren lagun izan dena: duela gutxi zendu zen.
Kirol eta elkartasun ekintza hori izango da 2015ean Zaporeak proiektuarentzako dirua biltzeko antolatuko den lehena. Lekukoa hartuko diote Intxaurrondoko Gastronomia Astearen 25. urteurrenak irailaren 7tik 10era, eta Koxk! ekimenak irailaren 12an.
Zaporeak proiektuak Wukroko eta Tigray eskualdeko biztanleek bizi duten elikatzeko segurtasun eza kronikoari aurre egitea du helburutzat. Hiru jarduera ditu oinarri: Angel Olaranen misioko sukaldea hobetzea eta hornitzea, Saint Mary Eskolako hezkuntza eskaintzaren barruan Ostalaritza eta Gastronomia adarra sortzea eta gaztandegi eta kontserba fabrika bat abiaraztea. Proiektuak 195.000 euroko aurrekontua du eta Gipuzkoako Diputazioak ekimena laguntzen du. - N.G.
1.000 kilometro. Zortzi etapetan egingo dituzte Zaporeak ekimeneko hamabost kideek Addis Abeba eta Wukro arteko 1.000 kilometroak. Egunero 120 kilometroko etapak osatuko dituzte eta horietan Etiopiako errealitatea ezagutuko dute.
Nola lagundu. Kilometroak eros daitezke 50 euroren truke; partizipazioak ere saltzen dituzte, bost eurotan. Zaporeak-sabores.com webgunean eros daitezke.