25 eta 29 urte bitarteko 1.777 euskal gaztek 48 ordutan eskatu dituzte 'Emantzipa' programako laguntzak. Programa horren helburua gazteen emantzipazioa bultzatzea da, eta hilean 300 euroko ekarpen zuzena egin dute gehienez ere bi urtez.

Dirulaguntza hori jaso ahal izateko baldintzetako bat da urteko errenta 3.000 eurotik 28.000 eurora bitartekoa izatea, baina 34.000 eurora iritsi ahal izango da ezkontidearekin edo izatezko bikotekidearekin batera aitorpena egiten bada.

Eskatzailearen ondasun, eskubide edo finantza-aktiboei dagokienez, ezingo dira 75.000 eurotik gorakoak izan.

Etxebizitza libre baten errentamendu- edo salerosketa-kontratua aurkeztuz emantzipatu direla egiaztatu behar dute eskatzaileek. Ohiko bizileku iraunkorra izan behar du kontratu horrek. Etxebizitza bera partekatu ahal izango dute hiru onuradunek.

Ezin izango dute laguntzarik jaso alokairuan babes publikoko etxebizitza bat (Bizigune eta ASAP programak barne) edo babes publikoko etxebizitza bat jabetzan duten gazteek, ezta etxebizitzaz gozatzeak hilero ordain ekonomiko egiaztagarririk ez dakarrenean ere.

Onuradunek Euskadin erroldatuta egon behar dute eskaera egin aurreko urtean, edo hiru urtez erroldatuta egon direla egiaztatu behar dute azken hamar urteetan.

Alokairuaren gehiengoa

Jonan Fernandez Trantsizio Sozialeko eta 2030 Agendako idazkari nagusiak eta Miren Saratxaga Gazteria zuzendariak agerraldia egin dute asteazken honetan, joan den asteartean laguntzak eskatzeko epea ireki zenetik eskatzaileen lehen datuak emateko.

1.777 eskatzaileetatik ( % 63 emakumeak), % 52 Bizkaikoak dira, % 33 Gipuzkoakoak eta % 15 Arabakoak. Azaldu dutenez, aurkeztutako eskaera guztietatik ondorioztatzen da gazteen % 68,6 emantzipatu egin direla edo alokairuan emantzipatuko direla, eta gainerakoak, % 31,4, erositako etxebizitza batean emantzipatu direla.

Fernandezek laguntza eskatzera animatu ditu "beren bizi-proiektua autonomiaz hasi edo finkatu" nahi duten gazteak.

Programaren lehen urtean 15.000 eskaera baino gehiago egin daitezkeela aurreikusi du.