Mamuka hitza, lapurtarrez, ezkutaketan ari-tzearen jokoari deitzeko erabiltzen dute. Mamu hitza ere apur bat potoloa den haurtxo txikiari goxotasunez dei-tzeko edo basoko animalia txikiei, zomorroei, deitzeko erabiltzen dute. Aipatutako umeen joko horretan asko jostatzen zen Pantxika Telleria koreografoa bere etxe inguruko basoetan. Hazterakoan, berriro itzuli da baso haietara eta lekuak sortarazten dizkion bizipenekin eta bertan dauden animalia txikiak hizpide hartuta, berak sortutako Elirale dantza konpainiaren azken lana otu zitzaion.

Mamuka izenburupean bi dantzarik gizakiaren eta naturaren arteko lotura taularatzen dute. Gaur egun puri-purian dagoen klima aldaketaren arazoa agerrarazten da obra honetan, animalien morfologiak giza gorputzen bidez irudikatuz; hori guztia gaztetxoengan pentsatuz egindako sormen lan batean jasota.  

“Mamuka lanak gaur egungo arazo klimatikoaz hitz egiten du. Ez da berez gai gozoa, baina bai beraren tratamendua. Bizi dugun aldaketa klimatiko bortitz hau, itxaropentsu bihurtzen da intsektuen bitartez. Umeek asko ikasten dute”, Telleriaren hitzetan. Dantza konpainiak abiapuntu gorputza hartzen du, poliki-poliki osagarriren bat sartuz ikuskizunean zehar. Berak azaltzen duenaren arabera, “umeak arin urduritzen dira, baina zerbait goxoki astintzen hasten bazara beraien aurrean, bere arreta aktibatzen duzu. Helduek esaten digute Mamuka beraientzat ere badela, eta egia da, baina umeen begirada harrapatuz”.

Sormen lanak bost intsektu txiki irudikatzen ditu Joana Millet eta Jon Vernier dantzarien gorputzen bidez. Animalia hauen energia atxikitzen saiatzen dira: “Beraien mugimenduak aztertu ditugu eta energia hori gorputzarekin adierazi nahi dugu”, dio Telleriak. Urte eta erdiko lana izan da an-tzezlan honen sorrera. “Nik 19 urte daramatzat gazteentzat emanaldiak sortzen eta dantzariei ulertarazi nahi nien nola asebetetzen duen norbera, publiko zehatz honi begira zerbait sortzen duzunean. Publiko gazteak ez du Baryshnikov ikustea espero. Beraiek harreman bat sortzea espero dute dantzariaren eta beraien artean”, koreografo lapurtarrak azaltzen duenez. Gaztetxoak konbentzitzeari ematen dio garrantzia, nahiz eta dantza beste publiko batentzat izaten den askotan. Dudarik gabe, ez da erraza lortu nahi den helburua eta “lan asko eskatzen du honek guztiak”, bere esanetan.

Zomorroetan iradokituta sortu dute ‘Mamuka’. Elirale

SORMENA

Elirale Dantza konpainia 2001ean sortu zuen Pantxika Telleriak, Celia Thomas dantzariarekin batera. Koreografo euskaldunari familiatik datorkio dantzarekiko maitasuna. Euskal dantzen munduan hasi zuen ibilbidea eta 11 urte zituela dantzari bihurtu nahiak dantza klasikoan formakuntza jaso-tzera eraman zuen, ballet munduan sartuz. Parisko kontserbatorioan ibili ondoren, lesio batek bide berri bat hartzera eraman zuen Telleria. Euskal Herrira itzuli eta Begirale dantza taldean sartu zen. Dantza garaikiderantz irekiz joan zen pixkanaka. Balletean ez bezala, euskal dantzak emandako identitatea eta nortasuna eman ahal zion sorkun-tzei. Garai hartan, egunkarirako dantza kronikak ere egiten hasi zen. “Hala ere, nire adierazteko beharra gorputzetik pasatzen zen eta nire konpainia muntatu behar nuen. Biarritzeko jaialdiko antolatzaileek lagundu zidaten taldea eratzen”. 

Dantza jendeari bizitzan lagundu ahal izateko erreminta bat bezala ulertzen du Pantxika Telleriak. Pandemiaren ondoren hainbat proiektu jarri dituzte martxan. Adibidez, Senperen dantza tailerrak eratu dituzte etxeko txikienentzat eta horien gurasoentzat ere, arnasa nola hobeto hartuerakutsiz, kezkak nola partekatu, eta abar. “Medikuntza fakultatearekin harremanetan egoten gara terapia desberdinak lan-tzeko dantzaren bitartez”. Hortaz, esan daiteke Eliralek bi buru dituela nolabait, batak bestea elikatzen duelarik. “Umeekin lan egiten dugu, baina baita helduekin edo kirolariekin ere. Hots, dantzak baliatzen dizkigun tresnekin jendarte bat uztartzen saiatzen gara, inklusiboa, modu artistiko eta kulturalean irekia dena. Hori guztia gure sorkuntzetan nabari da”.  

EMANALDIAK

Poesiarekin eta jolasarekin, Vivaldiren Lau Urtaroen erritmoan, mugimendurik txikiena aireko dantza bihurtzen da Mamuka bezalako sormen lanean. Keinu-hizkuntza baten bitartez, gaztetxoenak eta horren gazteak ez direnak erakarri nahi ditu Eliralek dantzaren mundura, ikuskizunean zehar udaberrian gailurra ukituz. Bertatik bertara ikusi eta ezagutu nahi duenak hainbat aukera izango ditu aurten. Besteak beste, hurrengo saioa apirilaren 27an egingo dute Iruñeako Civivox Mendillorrin. Gero, dantza konpainiak beste ikuskizun batzuk taularatuko ditu eta urrian itzuliko dira berriz Mamuka lanarekin. Hain zuzen, Ipar Euskal Herriko txoko ezberdinetan zortzi emanaldi eskainiko dituzte: azkena azaroaren 4tik 8ra bitarte, Miarritzen, Rendez-vous Basques ekitaldiaren barruan.