Dena ilun dago. Gortinak irekitzera doaz, argiak pizten diren heinean. Oholtzaren gainean zira hori batekin jantzita dagoen Martinen istorioa hasten da. Itsasoa eta arrainen bidez, beldurrak bilakatzen dira kontakizunaren abiapuntua. Mezu argia dakarte: denok ditugu beldurrak eta horiekin ikasten jarraitu behar dugu. Beste behin ere, Mar-Mar Teatro konpainiak badauka zer eskaini publikoari; oraingoan, Arrainak bihotzean deitutako antzezlana. Ikuskizuna hastera doa.
Igor Iglesias konpainiako kidea eta soinu teknikaria da, eta konpainiaren jaiotza oharkabean gertatu zela adierazi du: “Ez genekien zein nolako dimentsioetan sartzen ginen”. Mar-Mar-eko kideak beste konpainia batzuetan lan egiten zeuden, baina pandemia iritsi zenean, beraien bidea egitea eta haien “sorkuntzetako jabeak” izatea erabaki zuten. “Helburua gehienbat gure ideiekin eta estiloarekin lan egitea izan zen”, azaldu du Iglesiasek.
Egun martxan dagoen Arrainak bihotzean ikuskizuna urtarrilaren 27an estreinatu zuten, eta ordutik, ia berrogei aretotan antzeztu dute. Orain arte oso ondo funtzionatzen ari den obra dela adierazi du Iglesiasek: “Arrainak biho-tzean obrarekin areto gehienak goraino betetzea lortu dugu”.
Harrera ona eduki duen ikuskizuna izan arren, publikoaren erantzuna espero zutena baino “askoz hobea” izan dela onartu du Iglesiasek; izan ere, obra berria eta originala zenez, inork ez zuen ezagutzen. Ikuskizunaren arrakasta ukaezina da, jende askok erabakitzen baitu berriz ikustera joatea. Esaterako, Zarutzera joan zireneko ikuskizuna gogoratzen du: “Oso ondo atera zen, eta ordutik beste zenbaitetan berriz ere gu ikustera etorri izan den ume bat ezagutu genuen, eta, azkenean, harreman bat egin dugu kideok berarekin”, gogoratu du Iglesiasek.
Arrakasta horren aurrean, Arrainak bihotzean ikuskizunaren merchandising-a saltzen ari dira, ikuskizuna amaitzerakoan jartzen duten postu batetan. Hori dela eta, noizbehinka ikuskizunaren kamisetekin, Martinen -obraren protagonistaren- jantziekin edo zira hori batekin jan-tzita dagoen jendea ikus daiteke publikoaren artean, arrakasta horren erakusle.
Mar-Mar-ek antzeztu dituen bi obrak arrakastatsuak bezain ezberdinak izan dira. Lehenengo proiektua, Tarzan, sei urtetik aurrerakoei zuzenduta zegoen; bigarrenarekin, Arrainak bihotzean lanarekin, aldiz, adin txikiagoetara heltzea erabaki zuten, eta, hortaz, hiru urtetik gorakoei zuzenduta dago.
Konpainiak plazaratutako ikuskizun bi horien artean beste ezberdintasun bat: bidaltzen duten mezua, alegia. Soinu teknikariaren arabera, Tarzan, akzio gehiago duen antzezlana izateaz gain, azpi-mezuz josita dagoen obra da. Arrainak bihotzean obrarekin, aldiz, beste estilo eta leku batean kokatzea lortu dute. Hala ere, lehenengo obra ikusi zuten asko bigarreneko ikuskizunera bertaratzen ari direla azpimarratu du Iglesiasek. Gainera, bi obrak eraien artean ezberdinak izan arren, biek konpainiaren estilo edo filosofia mantentzen dutela entzun du publikoarengandik Iglesiasek.
Publikoaren erantzuna, oro har, ona da, baina teknikariak erantzun hori lekuaren araberakoa dela antzeman du: “Gure obra kostaldeko herri txikietan kokatuta dagoenez, itsasotik gertu dauden herri horietan hobeto funtzionatzen duela uste dugu”. Hala ere, erdiguneko edo barrualdeko herrietan ere “oso ondo” funtzionatzen duela azpimarratu du, Zumaia edo Donostia bezalako lekuetan obrak beste “xarma” bat eduki arren.
Aretoak ere garrantzia hartzen du antzezterako orduan. Euskal Herriko hainbat aretotan antzeztu ondoren, orokorrean, txikiagoak diren horiek atsegin dituzte: “Egunaren araberakoa da, baina areto txikietan publikoa oso gertu sentitzen dugu eta antzerkiak daukan xarma edo estilo hori asko gustatzen zaigu”.
Urte osoan zehar Euskal Herriko areto ugari bihurtu dira ikuskizun horren etxea, eta urtea amaitu baino lehen beste hamaika emanaldi eskainiko dituzte; horien artean, Naronen (Coruña, Galizia). Arrainak bihotzean obraren gaztelaniazko bertsioa jada prest dauka taldeak. Hori dela eta, ikuskizuna Espainiara zabaltzeko asmoa daukatela adierazi du soinu teknikariak.
Mar-Mar Teatro konpainiaren historia laburra izan arren, bizia izaten ari da. Horregatik, ibilbide horretan gauza asko ikasi dituztela hausnartu du Iglesiasek: “Badakigu jendeak zer sentitzen duen, zein nolako erreakzioak dituen…”. Modu horretan, gauzak hobeto egiten ikasten ari dira. “Azken finean gu ez gara makinak; obrak modu batera edo bestera ateratzen dira, eta gu oso zorrotzak gara egiten dugunarekin”.
Beldurren eta itsasoaren artean, Mar-Mar teatro konpainiak haien arrakastarako ateak zabaldu dituzte obra horren bidez. Aretoak betez eta publikoaren bihotzetaraino iritsiz, haien mezua zabaltzeko bidea jarraitzeko asmoak bizirik darrai.