Pantaila piztu eta gizartean maiz isilpean dauden egoerek hartzen dute testigua. Iluntasunak nekazal gunearekin bat egiten du, arlo honen argia pizten den heinean. Giroa ezkorra izan arren, onarpenaren garrantzia modu zehatz batean islatzen da, or-tzadarraren koloreko banderak ordezkatzen duen kolektiboa eta bizitzaren azken emai-tza batuz, hain zuzen ere.
Film proiektu askoren parte izan da Raul Barreras (Karrantza Harana, Bizkaia, 1986), baina oraingo honetan ezberdintasun nabarmen bat dago: berak zuzendu eta ekoizten duen lehenengoa da. Arnasa film laburrak heriotzaren eta onarpenaren inguruan hitz egiten du, LGTBI kolektiboa eta nekazal gunea elkartuz. Bere jaioterrian zegoen proiektu hau sortzeko ideia bururatu zitzaionean: “Konfinamendu garaian nire aitona zaintzen geratu nintzen, eta istorio hori kontatzea ideia ona iruditu zitzaidan”. Barrerasen helburua onarpenaren inguruan hitz egitea eta nekazaritzaren arloan dagoen homofobia adieraztea zen. Gai horiek askorentzat “desatseginak” izan arren, eztabaida berak nahi zuen harira bideratu dela uste du zuzendariak.
Udalbiltza erakundea izan da proiektuaren jaio-tzan lagundu duena eta Hernani esleitu zioten Arnasa filmaren grabaketarako. Karrantza Haranean jaioa, Hernani erabat ezezaguna zen zuzendariarentzat. Ezjakintasunaren aurrean, Barrerasek herria ezagutzera ekin zion: “Hiru aste egon nintzen bertan kokalekuak ezagutzeko, eta hala, grabaketa prozesua hobetzeko”.
Kamerak 2021eko abenduan jarri ziren martxan, baina prozesua ez zen hain erraza izan, eguraldiak asko baldintzatu baitzuen grabaketa: “Euri asko egiten zuen eta uholdeak egon ziren”. Hori dela eta, kanpoko hainbat sekuentzia azken emaitzatik at geratu ziren. Barrerasen arabera, horrek eragina izan zuen nekazal lanaren nolakotasuna islatzerakoan, era berean nekazaritza ere “queer-a” izan daitekeela adierazi nahia modu batean zapuztuz. Hala ere, azken emaitzan fokuetatik kanpo geratu diren sekuentziek adierazten zutena sentimenduen bidez igarri daiteke.
JaialdieTAN ESPERIENTZIA ONA
Beso zabalik hartu dute zinema jaialdietan Arnasa, Asturiasen egiten den Niemeyer-eko LGTBI zinema jaialdian, esaterako. Guztietara bertara-tzeko aukera izan ez arren, esperien-tzia era positiboan oroitzen du zuzendariak. Izan ere, jaialdietan beste zinemagileak ezagutzea eta publikoarekin solasaldiak egitea lortu zuen. Ikusleen emozioak eztanda egin zuen, Arnasa-n kontatzen den istorio pertsonala bizipen partekatuak baitziren.
Jaialdien mundua erabat berria da Barrerasentzat: “Marvin & Wayne banatzaileak izan dira film laburraren distribuzioarekin lagundu didatenak”. Behin mundu horretan murgilduta, beste zinemagileen esperientziak ezagutu izanari eman dio garrantzia, haiei esker beste “panoramika” bat edukitzea lortu baitu. Gainera, orokorrean Euskal Herriko filmak ikusgarritasun handiagoa lortzen ari direla nabarmendu du.
Ibilbidearen aztarnak Arnasa-ren grabaketa ezagutu ondoren, zuzendariaren karrera profesionalak fenomeno naturalekin lotura duela esan daiteke. Izan ere, Bajo las carpas dokumentala izan zen bere lehenengo proiektua, 2010ean Haitin izandako lurrikaran oinarrituta. Guztira hamabost film luzetan parte hartu du, besteak beste, Esti Urresolak zuzendutako 20.000 especies de abejas pelikulan. Parte hartutako proiektu gehienetan editore gisa egin du lan. Hori dela eta, rol aldaketa honetan ezberdintasun handiak nabaritu ditu: “Editore gisa lan egiten dudanean ez naiz proiektuaren etapa guztietan egoten, beraz, filmaren transformazioa ez dut hainbeste ezagutzen”.
Paper ezberdinak izan arren, proiektu bat garatzerakoan funtsezko elementu bat bilatzen du Barrerasek: konexioa. Filmaren zuzendariek filma eta honen prozesuaren inguruan daukaten ikuspuntua ulertzea ezinbestekoa da beretzat. Gaiei dagokionez, proiektu batean sartzerakoan gauza bakar bat bilatzen du, istorio pertsonalak kontatzea. Izan ere, azaldu duenez, zuzendariak filmaren inguruan ikuspuntu argi bat daukanean edo zerbait pertsonala kontatu nahi duenean atsegina suertatzen zaio.
Gaur egun, Barrerasek bi proiektu dauzka martxan. Pelikula baten edizio lanetan dabil, beste film luze baten gidoia idazten ari den bitartean, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz baliatuz. Azken honen datu asko eduki ez arren, Arnasa proiektutik aldentzen da, motela izan ordez mugimenduz jositako proiektu bat aurreikusten baitu. Hala ere, film laburrak eta martxan dagoenak badute gauza bat amankomunean, biak LGTBI kolektiboaren inguruan hitz egiten dutela.
Maiatzean Arnasa-ren proiekzioa egin zuten Barrerasen jaioterrian eta euskal tradizioaren sinboloak queer bilakatzen dituen istorioak herritarrengan argia piztu zuen: “Herritarrek adierazi zidaten filmak eragina izan zuela homofobiari buruz hitz egiteko garaian”. Azken finean, bere helburua lortu duela esan daiteke, homofobiaren inguruan hausnarketa bat egitea lortu baitu, jazarpenaren existentzia aitortuz.