Aurreko asteko osteguna egun handia izan zen Athletic zaleentzat. 40 urte ostean Errege Kopa irabazita, Bilboko kaleak zuri-gorriz margotu zituzten jarraitzaileek. Finala jokatu aurretik hasi ziren antolaketak. Irabaziz gero egingo zirenak eta ospatzekoak irudikatuz. Eta, guztia, pentsatu bezala atera zela esan liteke.

Ospakizun erraldoian parte hartzea espero zen jendetza kontuan hartuta antolatu ziren gabarraren ibilbidea, geldiuneak, segurtasuna, udaletxeko, Aldundiko eta San Mames-eko harrerak eta, finean, jaia. Eta herritarrek erantzun egin zuten. Egun hura historiara pasatuko zela zioten guztiek. Ezin zela galdu. Beraiek ere historiaren parte izan nahi zutela. Han izan zirela esan. Eta argazkiak eta argazkiak atera ziren, hemendik urteetara, egun hura bere handitasunean gogoratzeko.

Zalantzarik gabe, gogoratua izateko eguna izan zen. Eta biharamuneko medioak eta sare sozialetako iruzkinak irakurrita, bada, ez dago tatxarik. Asier Villalibreren hitzak ere komentatu dira. Gazteei eta nagusiei euskaraz egin eta irakasteko egindako aldarriari buruzkoa. Gutxi batzuk aipatu dute sareetan Athletic-ak zer gutxi bultzatzen duen euskara. Ospakizun egunean bertan ere, 25 jokalaritik, lauzpabostek hitz egin omen zuten bakarrik euskaraz.

Hain egun handia izanik, historian gordeko den eguna izango zela jakinik, Athletic klubaren komunikazio sailari taldearen mezua eta ordezkarien partehartzeak lantzea falta izan zitzaion. Inprobisazioaren menpe erori ziren partehartze gehientsuenak. Eta zaletu askok bi gauza faltan bota zituzten: euskararen presentzia batetik, eta bestetik, herritik sortutako taldearen ezaugarriak, festaz harago, zeintzuk diren aipatzea eta azpimarratzea. Huraxe baitzen eguna.

Inor gutxi ausartu da komunikazio hariaren faltaz hitz egitera. Tamainako ospakizunaren aurrean behatza igotzea ez baita erraza. Baina euskaldun asko sentitu zen zokoratuta. Kamiseta zuri-gorriaren baitan bai sentitu zutela kirol arrakastak dakarren euforia, baina ez herritik sortutako taldearengandik espero zen Euskal Herriaren erakusgarritasuna.